Capcom-en fantasiazko mundua bueltan da. Pertsonaien bokazio motak eta abileziak ezagutarazi ditu Hideaki Itsuno zuzendariak.

Tokyo Game Show azoka abian da, eta garatzaile japoniarrak euren bideojokoak aurkezten hasi dira. Dragon’s Dogma 2 desiratua egon da horien artean: bederatzi minutuko bideoan jokagarritasun mekanikak aditzera eman ditu.

Mundu irekiko abentura jokoa ezagutzen dutenek antzeko planteamendua ikusiko dute bigarren atalean. Fantasiazko Erdi Aroko girotzearekin, gure pertsonaia peoi taldearekin ariko da mundua esploratzen eta era guztietako munstroei eta arerioei aurre egiten.

Hirugarren pertsonako ikuspegian jokatuko dugun ARPG kutsua dauka DD2: borrokek berebiziko garrantzia edukiko dute, eta hauetan garaipena lortzeko mailaz igotzen eta gure ekipamendua zein abileziak hobetzen joango gara. Hasteko, garrantzitsuena gure pertsonaien bokazioa hautatzea izango da: horretan sakondu du Hideaki Itsuno bideojokoaren zuzendariak.

 

Zer nahiko zenuke izan nagusitan?

Lau bokazio nagusi aurkeztu ditu bideoan, baina jokoan askoz gehiago egongo dira. Ikusitakoak gerraria, arkularia, lapurra eta magoa dira; rol partidetako ohiko mailak —agian arkulariarena alboratuta, lehen jokoan bihurritzat ezagutzen baitzen—.

Borrokaldietan maila bakoitzaren eraso arruntak zein mugimendu bereziak erabil ditzakegu; halere, bakoitzak rol desberdina beteko duela barneratzea berebizikoa izango da. Gerrariak ezpata zein ezkutua erabiltzen ditu: aproposa gorputzez gorputzeko dueluetan murgiltzeko. Aldi berean, etsaien arreta erakartzeko egokiena izango da, adiskideak defendatuz.

Aztiak, zelan ez, magia desberdinak izango ditu eskura. Erasotzeko balioko dute, baita gure taldekideen ezaugarriak hobetzeko ere. Lapurra, bestalde, bere trebeziaz balia daiteke munstro erraldoien gainera igo eta ahulguneak erasotzeko.

Aipatutakoak hasieran hauta ditzakegun oinarrizko bokazioak baino ez dira izango. Abenturan aurrera egin ahala maila handiagoko lanak desblokeatuko ditugu, abilezia sorta zabalagoarekin. Arkulari magikoa edo lantzari mistikoa aipatu ditu zuzendariak. Bokazio gremioetan alda dezakegu pertsonaia motaz, gauza bera gure taldean ibiliko dire peoiekin.

Arriskuz betetako mundua zeharkatu beharko dugu DD2. Gau eta egun zikloa egongo da, eta adi ibili beharko gara honekin; izan ere, gauez esploratzeak ondorio latzak izan ditzake taldearentzat. Zorionez, kanpamendua presta dezakegu gaua igarotzeko.

Hau guztia ikusita, 2012an PlayStation 3 eta Xbox 360 kontsoletan kaleratutako lehen atalean prestatutako mekanikak hartu eta hauek fintzeari nahiz hedatzeari ekin diotela nabari daiteke. Zaleek eskatzen zutena izanik, begirada guztiak erakartzen ari da bigarren jokoa.

Istorioan sakontzeko aprobetxatu du Itsunok. Bigarren jokoan Vermund eta Battahl erresumak ezagutuko ditugu. Lehena gizakien lurraldea izango da, eta bigarrenean, bestalde, lehoi ezaugarridun beastren biztanleak aurkituko ditugu.

Dragon’s Dogma 2 PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan merkaturatuko du Capcomek. Oraindik ez dute argitaratze datarik zehaztu, baina laster egitea aurreikusten da.