Hideaki Itsuno zuzendariak ezagutzera eman du jatorrizko jokoaren 10. urteurreneko ekimenean.
Capcom Games Showcase aurkezpenean espero zen iragarpena —zaleak etsita utzita—, baina azkenik japoniarrek baieztatu dute: Dragon’s Dogma bereziaren bigarren atala prestatzen ari dira.
Hideaki Itsuno beteranoak eman du berria: hainbat Devil May Cry-ren eta Power Stone-n zuzendari lanak egindako garaitzaleak —ezin daiteke Capcom vs SNK 2 ahaztu, inoizko borroka jokorik onena— sortu zuen Dragon’s Dogma 2012an, eta jarraipenean lan egiteko itzuliko da.
Ez ditu, baina, xehetasun askorik eskaini. RE Engine motor grafikoarekin garatuko dute DD2 —nola ez, Capcomen joko handi guztiak sortzeko tresna bihurtu baita—. Aurretik ere honekin lan egindakoa da Itsuno, Devil May Cry V eratzeko erabili baitzuen.
Kaleratze data, plataformak eta gainerakoak, jokagarritasun edo atal grafiko kontuak barne, aipatu gabe utzi dituzte Capcomekoek; are gehiago, jarritako bideoan logoa baino ez dugu ikusten. Ez da japoniarrek halako zerbait eguten duten lehenengo aldia: Resident Evil 2-ren remakea iragartzerakoan logoa aurkeztu, eta gero hainbat urte igaro zituzten ezer erakutsi gabe. Oraingoan gauza bera ez gertatzea espero dugu.
Joko originalaren zaleek Itsunoren, Kenichi Suzuki mailen diseinatzailearen eta Daigo Ikeno arte zuzendariaren arteko hizketaldiez gozatuko dute bideoarekin: DDren garapenari buruz luze eta sakon hitz egin dute bertan.
Dragon’s Dogmak fantasiazko mundu ireki erraldoia, borroka dinamikoak, aliatuak egiteko zein kontrolatzeko sistema eta askoz gehiago erabili zituen. Hasiera batean arrakasta gutxi eskuratu arren, denborarekin bideojokozaleen artean obra maitatua bilakatzera iritsi da.
Bigarren atalak, esan bezala, ez dauka argitaratze egunik ez zehaztutako plataformarik.
Iruzkinak