Mac bertsioa jasoko du baita Black Salt Games-en joko bereziak. Espantsioak ere kaleratuko dituzte, baina ordainpekoak izango dira.
Dredge beldurrezko abentura bereziak PCko zein kontsoletako jokalariak gatibatu ondoren, mugikorretara nabigatuko duela iragarri du: Android eta iOS sistema eragileetara iritsiko da abenduaren 18an.
Arrantza abentura gisa aurkezten dute Black Salt Gamesko egileek. Uharte misteriotsurako baterako bidaian ontzia galdu duen arrantzalean bilakatuko gara; ia hondatutako bat lortu ondoren, bere ur bitxietan zehar lanean… eta bizirauten ariko gara.
Lovecraft idazlearen eleberrietako beldurra hartzen du Dredgek: egunez gune ederrak bisitatuko ditugu, baina beti egongo da zerbait misteriotsua euren uretan. Salerosketetan ariko garen herriek ere kutsu berbera daukate; batzuetan, alboratutako sekretuak bere horretan geratzea da onena.
Egun eta gau zikloarekin, arrantzan egitea da erronka nagusienetakoa. Gure ontzia zein tresnak hobetu beharko ditugu, arrain gehiago arrantzatu nahi izanez gero, behintzat; itsasoan denbora luzez bagabiltza, baina, burua galtzen has gaitezke… edo ikusitako gauzak benetakoak ote dira?
2023ko martxoan estreinatu zen jatorrizko Dredgen bertsioa, balorazio oso positiboak eskuratuz prentsaren zein jokalarien aldetik. Argitaratu ostean, gainera, denetariko edukiak gehitzen dizkion DLCak jaso ditu (The Pale Reach, The Iron Rig eta The Blackstone Key); hauek mugikorretara iritsiko dira baita, baina ordaintzea tokatuko zaigu.
Android eta iOS bertsioen ukipen pantailetarako kontrol eskema berria prestatu dute egileek; dena den, aginte bidez ibiltzeko aukera ere edukiko dugu.
Sakelekoetara iristeaz gain, MacOS sistema eragilean ere argitaratuko da Dredge. Kasu honetan, jokoa erosi aurretik probatzeko doako demoa deskarga dezakete erabiltzaileek.
Dredgen abenduaren 18tik aurrera jokatu ahalko dugu Android, iOS nahiz MacOS sistemetan. Gaur egun PCan eta PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletan aurkituko dugu.
Iruzkinak