Gamer Gelak euskarazko bideojokoen erakusleiho izaten jarraituko du abenduaren 8an; aurretik, abenduaren 6an, euskal garatzaileen aurkezpenak batuko ditu Kabi@ guneak.

Euskal eta euskarazko bideojokoen bilgune izango da, beste urte batez, Durangoko Azoka. Sei hamarkadako ibilbidea eginda, eboluzionatzen eta eraldatzen jarraitzen du, euskal liburu eta disko azoka izatetik, euskal kulturaren jaialdi bilakatzeraino: hori horrela, bideojoko erauntsia biziko da aurten Landakogunean.

Abenduaren 5ean 60. edizioaren ateak irekiko ditu, abenduaren 8ra arte milaka bisitari, erakusmahai, partaide, hitzaldi eta ekintza bilduta. Horien artean egongo da Game Erauntsiak Rolariak elkartearekin batera antolatzen duen Gamer Gela; alegia, euskarazko bideojokoen erakusleihoa.

Kabi@ txokoan bilduko gara egun osoko tailerra antolatzeko: abenduaren 8an jarri dugu hitzordua. Etxeko txikienei eta gazteei zuzendutako ekintza izango da, baina helduentzako tokia ere egingo dugu bertan. Esan bezala, Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurki daitezkeen tituluak ezagutzera ematea eta hauek probatzeko aukera eskaintzea izango da tailerraren xede nagusia.

Abenduak 8 – Gamer Gela Durangoko Azokako Kabi@ txokoan

  • 10:30 – 14:00
  • 16:30 – 19:30

206 bideojoko aurki daitezke zerrendan. Hemeretzi dira 2025ean gehitutakoak, eta obra benetan esanguratsuak daude horien artean: Untitled Goose Game, Balatro, Silent Hill 2, Dead Cells, Windswept, Overcooked, Prince of Persia edo The Legend of Zelda: Link’s Awakening iritsi zaizkigu euskaraz —garatzaileek, euskal komunitateak zein Game Erauntsia Elkarteak itzulita—.

Adibide gehiago egongo dira, ordea: aurten euskal garatzaileen presentzia inoiz baino indartsuagoa izango da Gamer Gelan. Euskaraz kaleratuko diren bideojokoak prestatzen dabiltzan sortzaileak igaroko dira gure ekintzatik euren tituluak aurkezteko asmoarekin.

Rolariak Elkarteko kideek, bestalde, mahaijokoetan zein karta jokoetan parte hartzeko aukera eskainiko diete hurreratzen direnei. Rol partiden munduan barneratzeko aukera ezin hobea egongo da maizter trebeen gidaritzapean: fantasiazko munduetan lagun artean eta euskaraz murgiltzeko txokoa.

Sarrera irekia izango bada ere, ordu erdiko txanden bidez funtzionatuko du Gamer Gelak: parte hartu nahi dutenek sartzeko txartela eskuratu beharko dute aurretik, egunean bertan, Kabi@ txokoaren sarreran.

 

Euskal bideojoko sortzaileen aurkezpenak larunbatean

Gamer Gela heldu aurretik, ordea, euskarazko bideojokoak ezagutzeko beste proposamen bat abiatu du aurten Durangoko Azokak. Bideojoko sortzaileak izenpean, euskal garatzaileak prestatzen ari diren lanak aditzera emateko tartea egongo da larunbatean, abenduaren 6an. Sei bideojoko aurkeztuko dira Kabi@ txokoan 17:00etatik aurrera.

Bazterka – Urik gabeko herria euskal mitologian girotutako shoot ‘em up zoragarria aurkeztuko du gure Euskal Game Jam ekimenetan parte hartu duen BUG Aizokora sortzaileak; CodeSyntax taldekoek, bestalde, martxoan ikusi genuen Tagzania eraberritutako proiektuaren gakoak eskainiko dituzte; bukatzeko, Harrobia Ikastolako ikasleak zein irakasleak Eli-k-on, Nire Argigunea, Don’t Anger the Boss eta The Last Cage tituluak aditzera ematera hurreratuko dira. Hauetako zenbait Gamer Gelan probatzeko aukera edukiko dute abenduaren 8an hurbiltzen direnek.

Abenduak 6 – Bideojoko sortzaileak aurkezpenak Durangoko Azokako Kabi@ txokoan

  • 17:00 – Eli-k-on (Aitor Lopez Olibares)
  • 17:30 – Bazterka: urik gabeko herria (BUG Aizokora)
  • 18:00 – Nire argigunea (Eneko Amezaga)
  • 18:30 – Tagzania: berpizkundea eta gehiago (Luistxo Fernandez)
  • 19:00 – Don’t anger the boss (Curly Studios)
  • 19:30 – The Last Cage (Walrus Studios)

Abenduaren 6an zein 8an animatu eta hurreratu Durangoko Azokara bideojokoez gozatzera! Ez hori bakarrik, Game Erauntsiako zein Rolariakeko kideak desbirtualizatzeko eta elkar ezagutzeko egun aproposa izango da, beti bezala.