Dakizuenez, 51. Durangoko Azoka hemen dugu berriz. Gaur, abenduak 2, hasten da euskal kulturaren elkargunea eta 5 egunetan zehar izango dugu zabalik, abenduak 6 arte hain zuzen ere. Guk ere aurreko urtean bezala lortu dugu geure tokitxoa azokan, azken finean bideojokoak ere kultura baitira eta hauen euskarazko hedapena ezinbestekoa egiten da gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko.

 

Gure ekarpena abenduak 3an, larunbata, zehar egingo dugu. Goizez Kabia Gunean izango gara, 11:00tik 14:00 arte hain zuzen ere. Bertan hainbat tailer emango ditugu: Stepmania-rako abesti bat nola prestatu gero dantzatu ahal izateko, OBS grabazio programaren erabilera gameplay-ak grabatzeko eta hauen igoera YouTube nahiz Twitch plataformetara, jolas bat euskaratzeko eman beharreko pausuak eta beste hainbeste.

 

 

Goizeko saioa amaitu ostean, GE-ko kide guztiok, talde motorra nahiz komunitateko kideok, batera bazkaltzera joateko egitasmoa daukagu. Beraz gonbidatuta zaudete, arratsalderako indarrak hartu bitartean gurekin solasean egoteko. Bazkalostean gainera, gure kide Gari Infernuk Pokemon GO-ren kedada bat egin nahi du, inguruko pokegeltokietatik pasako delarik Pokemon indartsuenen bila. Hemen inguruan ditugun PokeGeltoki eta PokeKiroldegiak:

Arratsaldean ere izango dugu tartetxo bat Kabia Gunean, 16:30tik 18:30era hain zuzen ere. Tarte honetan ez dugu tailerrik izango, soilik bideojokoetaz gozatuko dugu denok. Bertan izango ditugun ordenagailuei dagokionez, ARK euskarara nola itzuli dugun ikusteko aukera izango duzue eta noski jolasteko aukera ere bai. Jolas hortaz gain, Trackmania Nations Forever auto lasterketetako jolasa ere izango dugu, zeuen artean lasterketak egin ditzazuen. Azkenik, Stepmania jolasa izango dugu, hau ere GE-k euskaratua, beraz zuen hankak euskal musikaren erritmoan berotzeko astia ere izango duzue.

Baina retro kontsolan tartetxoa ere izango dugu Kabia gunean. Hainbat telebistetara Raspberry Pi-ak izango ditugu konektatuak eta bertan Recalbox bidez, non hau ere GE-k euskaratu duen, garai bateko jokoez gozatzeko aukera izango duzue. Gaztetxoenak zaretenok aukera ona izango duzue ikusteko garai bateko jolasek ze mekanika "ortopedikoak" zituzten eta nola etziren batere errazak izaten.

Azkenik egunari amaiera borobila emateko, 18:30tan Iban Lantxo-k bideojokoen euskaratze prozesuari buruz hitzaldi bat emango du, Kabia Gunean bertan baita ere. Euskaratuta dauden bideojokoen historiaren errepaso bat eman ostean, gaur egungo egoeraren erradiografia bat egingo digu.

Durangon espero zaituztegu, badugu eta gogoa zuek ezagutu eta gure zaletasun honen inguruan hitzegiteko.