Urtero bezala, ekainaren erdialdean egingo da Los Angelesen munduko bideojokoen biltzar nagusia. Aurten ekainaren 14tik 16ra tokatzen da, baina ohitura den bezala, konpania desberdinek hitzaldiak emango dituzte aurreko egunetan, joko berriak aurkeztuz, eta aurretik aurkeztutakoei buruzko informazio gehiago emanez. Artikulu honetan hitzaldi hauek zerrendatu ditugu, hauen ordutegia zehaztuz eta topatu ditzakegun jokoak pixkat gainetik aipatuz.
EA
Ekainaren 12an Euskal Herriko gaueko 10etan izango da. Hor izango dira ziurrenik, urtero bezala, FIFA 17 futboleko jokoa, eta kiroletako hainbat joko gehiago, adibidez Madden NFL 17. Aurreko egunetan kaleratuko den Mirror's Edge Catalyst jokoari buruzko errepasotxo bat emango dute. Mass Effect Andromeda eta Titanfall 2 jokoen lehenengo irudiak ikusi ahal izango ditugu, eta beste hainbat sorpresa ere.
Baina zalantzarik gabe, hitzaldi honen izar nagusia Battlefield 1 izango da. Bertan erakutsiko dituzte jokoari buruzko hainbat xehetasun. Bat baino gehiagorentzat gogorra izango da urriaren 21arte itxoitea.
BETHESDA
Ekainaren 13an Euskal Herriko goizeko 4etan izango da. Hitzaldi honetan espero dugu garatzaileek Dishonored 2 jokoari buruzko informazio gehiago ematea. Azaroaren 11an kaleratuko da eta jendeak gehiago jakin nahi du. Baliteke Doom berriarekin zerikusia duen albiste bat ematea, DLC berri bat adibidez, eta Fallout 4 jokorako beste bat.
Zurrumurruek diote The Elder Scrolls VI jokoa aurkeztuko dutela lehenengo aldiz. Ea zer nolako ustekabea ematen diguten.
MICROSOFT
Ekainaren 13an Euskal Herriko arratsaldeko 6:30etan izango da. Aurretik aurkeztutako hainbat joko esklusibori buruzko trailer asko espero dira hemen, hala nola Gears of War 4, Crackdown 3, Inside, Cuphead, Recore, Sea of Thieves edo Scalebound, besteak beste. Hainbat esklusibo berriren aurkezpena ere espero da.
Zurrumurruen arabera, Microsofte oraingo Xbox One kontsolaren slim bertsio bat prestatzen ari da, aurtengo udazkenean kaleratzeko asmotan. Xbox berri bat ere prestatzen ari omen da datorren urterako, Scorpio kodearekin ezaguna; espero da hau oso potentzia handikoa izatea, eta errealitate birtuala arazorik gabe mugitzeko gai izatea. Laster jakingo dugu hau egia den edo ez.
UBISOFT
Ekainaren 13an Euskal Herriko gaueko 10etan izango da. Ghost Recon Wildlands edo For Honor bezalako jokoei buruzko informazioa espero da, baita Watch Dogs 2ri buruzko lehenengo xehetasunak erakustea ere. Aurten ez dugu Assassin's Creed sagari buruzko joko berririk izango, atseden bat tokatzen da. Garatzaile handi honen partetik ere ustekabeak espero dira, nork daki zein den ezagutaraziko duten proiektu handi berria.
SONY
Ekainaren 14an Euskal Herriko gaueko 3etan izango da. Hemen ere aurretik ezagutzen ditugun joko esklusiboei buruzko informazio gehiago espero da; No Man's Sky, Tekken 7, Horizon Zero Dawn, Gran Turismo Sport, Persona 5, Gravity Rush 2, NiOh edo Nier: Automata dira horietako batzuk. Ezin dugu ahaztu azkenean aurten kaleratuko den The Last Guardian jokoa, gogoan izan joko hau lehenengo aldiz 2009ko E3an aurkeztu zutela, urte asko pasa dira geroztik. Gainera ziur egon hauek ere hainbat joko berri aurkeztuko dituztela.
Espero da hitzaldian zehar PS4 Neo kontsolari buruzko lehenengo xehetasunak jakitea, PS4aren errebisio bat, originala baino potenteagoa. Nahiz eta Sonyk oraindik ofiziala ez egin, hainbat garatzaile eta mediok konfirmatu dute hau garatzen ari direla, eta hurrengo urtean kaleratzeko asmoa dagoela.
NINTENDO
Azkenekoa, ekainaren 14an Euskal Herriko arratsaldeko 6etan izango da. Hau ez da hitzaldi bat izango, baina arreta jartzeko arrazoiak baditugu. The Legend Of Zelda joko berriaren demo bat erakutsiko digute zuzenean, eta joko honi buruzko hainbat datu eman. Oraingoan ez da Game Awards sarietan erakutsi zuten offscreen demo bat izango, askoz serioagoa izango da. Ea beste behin ere saga honek ahozabalik uzten gaituen.
Eta oraindik gehiago...
Biltzar hau ez da hitzaldiz bakarrik osatua. Joko desberdinen hainbat demo egoten dira bertan, hauen trailerrekin batera. Third Party askoren joko asko hitzaldietan ikusiko ditugu, eta beste asko egun desberdinetan zehar.
Aurten Activision enpresak ez du hitzaldirik emango, baina ziur egon Call Of Duty: Infinite Warfare jokoari buruzko xehetasun gehiago izango ditugula. Prest izan krispetak, Battlefieldzaleen eta CODzaleen foroetako guda astera doa!
Square Enix ere ez da faltako. Hor izango dira Final Fantasy XV eta Kingdom Hearts 3, baita Dragon Quest XI ere. Deus Ex: Mankind Divided ere hor izango da, eta azkenean Rise of the Tomb Raider jokoaren PS4 bertsioari buruzko zerbait berria jakingo dugu ziur.
Orain Hideo Kojimak bere estudio propioa duela, ustekaberik emango ote digu? Nork daki zein proiektutan ote dabilen lanean?
Capcomen partetik, Resident Evil: Umbrella Corps ere bertan izango da. Zurrumurruen arabera, Resident Evil 7 aurkeztuko dute, eta klasikoetan gozatu genuen survival horror tankerakoa izango da.
Atlus garatzaile japoniarrak Shin Megami Tensei IV: Apocalypse eramango du. Espero dezagun oraingoan garaiz iritsiko dela Europara, eta ez aurrekoa bezala urtebete geroago.
Dragoi Bolazaleentzat, Bandai Namcoren partetik, Dragon Ball Xenoverse 2 eta Dragon Ball Fusions. Ea oraingoan saga bezain onak diren.
NeoGeoren zaleentzat ere hor egongo da laster kaleratuko den King of Fighters XIV borroka-jokoa.
Take 2ren partetik, Mafia III ere hor izango da. Eta zerbait berria ere aurkeztuko digute.
Rareko beteranoek sortutako Playtonic estudioak Yooka-Laylee jokoa eramango du, Banjo-Kazooie jokoaren ondorengo espirituala.
Azken egunetan bere trailerragatik polemikoa izan den Mighty Nº 9 jokoa ere ez da faltako. Ea prentsari jokoa gustatzen zaion eta honen zain zaudetenak lasai gelditu ahal zareten.
Eta beste hainbat...
Ez gaude denok...
Biltzar honetan hutsune handiak ere somatuko ditugu, baita faltan bota joko eta makina batzuen agerpena ere. Horietako bat CD Project Red garatzaile poloniarraren Cyberpunk 2077 jokoa da, ikusmin handia dago joko honekiko. Beste hutsune bat Sonic trikuarena izango da, aurten bere 25. urteurrena ospatzeko jokoa hemen aurkeztea espero zen, baina ez da hala izango, uztailaren erdialdean San Diegoko Comic-Con biltzarrean baizik.
Baina zalantzarik gabe, hutsune nagusiena Nintendoren kontsola berriarena da, Nintendo NX bezala ezagutzen dena. Ikusmin handia dago hau nolakoa izango den jakiteko, zernolako potentzia izango duen, zeintzuk izango diren kontsola honen jokoak, eta abar. Ofizialki datorren urteko martxoan kaleratuko da, baina kontsolari buruz ez dakigu ezer, elkarren artean kontraesanak dituzten zurrumurruak baino ez ditugu. Biltzar hau egokia zen kontsola hau ofizialki aurkezteko, baina udazkenerarte itxaron beharko dugula dirudi.
Dena dela, ezin da ukatu, aurten ere, biltzar hau ziragarria izango dela, eta denok geroz eta hypeatuago gaudela. Izan pazientzia, gutxi falta da.
Iruzkinak (1)
Urtzi Odriozola 2016ko eka. 2a, 17:36
Kristoren artikulua hi!! A ze lana!!! Zenbat izen, zenbat joko... ez dakit nondik hasi ere...