Breath of the Wilden jarraipena, Metroid Dread, Shin Megami Tensei V, Mario Party Superstars eta gehiago erakutwsi ditu N Handiak.
Nintendorena izan ohi da E3etako azken aurkezpen handia, eta formatuan aldaketa erraldoiak izan badira ere, ohitura hori mantentzen jarraitu dute Kiotokoek. Iragarpen berri gutxi batzuekin, bideo-joko propioetan zein kanpoko garatzaileek egindakoetan zentratu dira aurtengo Nintendo Directean.
Izar handia aurkezpenari bukaera eman diona izan da. The Legend of Zelda: Breath of the Wilden jarraipenak izen ofizialik zein argitaratze data zehatzik gabe jarraitzen du, baina orain bi urte lehen aldiz erakutsi ondoren Eiji Aonuma zuzendariaren taldea azkenean ausartu da Linken abentura berriaren irudiak azaltzera.
Zeruak berebiziko garrantzia hartuko du jarraipenean. Hyruleko gune batzuk hegan igoko dira, eta horiek bisitatu ahalko ditu protagonistak. Ahalmen berrien artean esanguratsuena eskuineko besoak eskainitakoa izango da: dirudienez Ganonen madarikazio batengatik kutsatuta amaituko du, Mononoke Printzesa filmean ikusi bezala. Horri esker sua bota ahalko du, trailerrean ikusi bezala, baina bestelako botereak izatea ere espero da.
Atal teknikoan BotW-ekin antzekotasun handiak edukiko dituela ikus daiteke. Argiztapen aldetik hobekuntzak egongo direla dirudi, baina estetika zein maila grafikoa mantendu egingo ditu jarraipen honek. Segundoko irudien tasan hobekuntzak espero dira, hori bai: Switcherako bereziki prestatutako jokoa izango da oraingoan.
2022an kaleratzea aurreikusten du Nintendok; Zeldaren zaleek itxaron egin beharko dute berritasunak jasotzeko.
Zeldaren kondairarekin jarraituz, Hyrule Warriors: Age of Calamity musou jokorako eduki gehigarriak iragarri zituzten Nintendok eta Koei Tecmok. Expansion Passak bi DLC ekarriko ditu: Pulse of the Ancients eta Guardian of Remembrance deituko dira horiek. Guardian roboten kontrola hartu ahalko da bertan, besteak beste.
Pulse of the Ancientsen argitaratze data zehaztu zuten Directean, eta oso azkar jokatu ahalko da: ekainaren 18an iritsiko da Nintendo Switchera. Erronka eta arma berriak, zailtasun maila apokaliptikoa eta gehiago gehituko dizkio jatorrizko jokoari.
Zeldarekin bukatzeko, 35. urteurrena ospatzeko Game & Watch kontsola berezia merkaturatuko du N Handiak. Hiru jokotara ibili ahalko da kontsola eramangarri txikian: jatorrizko The Legend of Zelda, The Legend of Zelda II: The Adventure of Link eta Game Boyko The Legend of Zelda: Link’s Awakening izango dira bertan bilduko dituztenak. Horrez gain Game & Watcheko Vermin minijokoa moldatuko dute Link eta Octorokekin jokatzeko.
Game & Watch: The Legend of Zelda azaroaren 12an iritsiko da mundu osoko saltokietara.
Metroid Prime 4 orain lau urte iragarri zuten, eta aspaldi garapena berrabiarazteko erabakia hartu zuten. Hala ere, oraindik ezer erakutsi gabe jarraitzen dute Retro Studiosekoek. Baina zurrumurruak zuzenak ziren eta 2D jostagarritasuna daukan Metroid iragarri zuten Nintendokoek.
Metroid 5 bezala aurkeztu zuten hasiera batean, baina ondoren benetako izenburua ezagutzera eman zen: Metroid Dread. Samus Aranen zaleek ondo jakingo duten modura, orain aspaldi Nintendok esku artean zeukan proiektu baten izena zen, eta hori berpiztea erabaki dutela dirudi.
Samusek itxura guztiz berria izango du bertan. Ez da harritzekoa, 2002ko Metroid Fusionen jarraipen zuzena baita. SA-X izakiarekin egin bezala, bere atzetik ibiliko den robot bat izan da trailerreko protagonista: ihes egin beharko du espazioko mertzenarioak, printzipioz bera akatzea ezinezkoa izango baita.
Hori alboratuta, 3DSrako Samus Returnsen ikusitakoa hobetzera dator Dread. Hiru dimentsiotako grafikoekin baina esan bezala bi dimentsiotako jostagarritasunarekin, edozein norabidetan tiro egin ahalko du Samusek.
Aurten estreinatuko da gainera: urriaren 8an kaleratuko da Switcherako. Mercury Steam estudio espainiarra arduratuko da beste batez garapenaz. Aurkezpen ostean egindako Nintendo Treehouse ekimenean jokoari buruzko xehetasun gehiago eta gameplaya bildu zituzten.
Super Mario Party ez da Switcherako kaleratuko duten sagako lan bakarra izango. Mario Party Superstarsek Nintendo 64ko jokoetako bost taula eta 100 minijoko baino gehiago batuko ditu, remake eta bilduma artean kokatuta modu horretara.
Betiko zaleek zein hasiberriek gozatzeko moduko bideo-jokoa izango da beraz. Aurten merkaturatuko den jokoa izango da baita: urriaren 29an iritsiko da Nintendoren kontsola hibridora. Metroidekin egin modura Treehousean minijokoak eta berritasunak agerian jarri zituzten.
Wario ere bueltan da; WarioWare sagako atal berria da Get It Together! Oraingoan mikrojoko bizi hauetan Marioren arerioa kontrolatuko dute jokalariek: bi pertsonentzako multijokalaria ere agindu dute arduradunek.
Ohi bezala askotariko zorakeriak ikusiko dira mikrojokoen artean. Urrian joko mordoa kaleratuko du Nintendok: urriaren 9an merkaturatuko dute. Jostagarritasuna erakusteko Treehousean WarioWare: Get it Together! honetara jokatzen ibili ziren.
Game Boy Advanceko jokoekin jarraituta, Advance Wars ere bueltan da. GBAko bi jokoen remakekin egingo du Advance Wars 1+2: Re-Boot Camp izenpean. 3D grafikoekin ohiko txandakako estrategia partidak biziko dira hemen.
Urte amaierarako prest egongo da: abenduaren 3an eskuratu ahalko da gerra jokoa. Jostagarritasuna erakusteko Treehouse atala aprobetxatu zuten Directaren ostean.
Nola ez, Masahiro Sakuraik eta bere taldeak Super Smash Bros. Ultimaterako borrokalariak gehitzen jarraitzen dute. Hurrengoa Bandai Namcoren Tekken saga ospetsuko protagonistetako bat izango da: Kazuya Mishima. Umorez betetako trailerrarekin aurkeztu zuten, jatorrizko jokoetako eszenak berreginda.
Borrokaleku propioa, sagako abestiak eta mugimendu sorta erraldoia ekarriko ditu Kazuyak. Jokoaren zuzendaria agertu da bukatzerakoan ohiko aurkezpen sakona iragartzeko: ekainaren 28an 16:00etan hasiko da emanaldia.
Nintendoren jokoekin bukatuta, aldez aurretik ezaguna zen JRPG baten kaleratze data zehaztu zuten azkenik SEGAk eta Atlusek. Shin Megami Tensei V azaroaren 12an helduko da saltokietara. Tokio, deabruak eta txandakako borroka gupidagabeak biziko dira Persona sagaren gurasoan den abenturan.
Orain bost urte iragarri zuten arduradunek Switcherako bideo-jokoa. Trailerrean istorioko xehetasun berriak zein gameplay atalak azaltzen dira, eta eskerrak.
Wii Uko Fatal Frame: Maiden of Black Waterrek porta jasoko du Switcherako urte bukaeran; Danganronpa Decadencek hilketa eta misterio sagaren hiru joko bilduko ditu, eta Danganronpa S: Ultimate Summer Campek party joko bitxia proposatuko du; Life is Strange: True Colors berria zein Life Is Strange Remastered Collection Switcherako kaleratuko dituzte; Square Enix orain egun pare bat iragarritako Guardians of the Galaxy hodei bitartez jokatu ahalko da Nintendoren kontsolan.
Tximinoak ere azaldu ziren Directean, baina ez zen Donkey Kong izan. SEGAren tximuak bueltan datoz beraien 20. urteurrena ospatzeko Super Monkey Ball Banana Maniarekin: lehen hiru jokoak batuko ditu kartutxo berean.
Biraka eta ziztu bizian ibiltzeko aukera emango du 300 maila baino gehiagotan. Urriaren 5etik aurrera eskuratu ahalko da.
Bandai Namcok ere bere txokoa izan zuen saga kuttun baten agerpenarekin. PC, PS4 eta Xbox One plataformetan dagoeneko jokatu daitekeen Dragon Ball Z: Kakarot irailaren 24an helduko da Switchera.
Son Goku eta lagunen RPG abenturak Saiyen sagatik Booren sagara arteko ibilbidea egingo du. Are gehiago, Jainkoen Bataila eta Freezerren Berpizkundea filmeetako edukiak gehitzen dituen DLCarekin kaleratuko dute bertsio hau.
Nola ez, Game Erauntsiatik Nintendoren Direct honen jarraipena egin genuen E3 2021eko aurkezpenei bukaera emateko. Jarraian aurkituko duzu bideo osoa:
Iruzkinak