Guardians of the Galaxy eta Stranger of Paradise Final Fantasy Origin bezalako ezustekoekin parte hartu dute japoniarrek azoka digitalean.
E3a formatu digitalera igarotzearekin batera, garatzaile ertainak berritasun handiak Sonyren, Xboxen eta Nintendoren aurkezpenak iragartzeari uko egiten dabiltzala dirudi. Hori izan da behintzat Square Enixen kasua: azokako txokoa orain arte ezagutzera eman gabeko proiektuak lehen aldiz azaltzeko aprobetxatu zuen. 45 minutuko iraupenarekin, japoniarren aurkezpenean bideo-joko gutxi ikusi ahal izan ziren, baina.
Square Enix Presents aukezpena proiekturik interesgarrienarekin hasi zuten. Marvelekin elkarlanean jarraitzen dute, eta oraingoan beste superheroien talde batez arduratuko dira: Guardians of the Galaxyren abentura propioa eratzeko enkargua eman diote Eidos Montreali.
Asko ziren Deus Ex berri bat ikusteko gogoekin zebiltzanak, baina Marvel’s Avengerren garapenean ibili ondoren Star Lord eta beste espazioko heroiekin lanean aritu dira Montrealgoak. Akzioa eta abentura batzen dituen joko honetan espaziotik zehar ibili beharko da aipatutako pertsonaiaren kontrola hartuta Gamora, Drax, Rocket Raccoon eta Groot kideak adimen artifizialak eramaten dituen bitartean.
RPG elementuak ere ikusi ziren bertan: mailaz igo ahalko da eta pertsonaien ezaugarriak hobetu. Erabakiak hartzeko uneak ere egongo dira, eta horiekin taldekideen arteko harremanak hobetu edo korapilatu egingo dira. “Borroka dinamikoak” agindu dituzte arduradunek, eta atal grafiko aldetik sekulako lana egiten ari direla ikus daiteke.
Laster jokatu ahalko da Guardians of the Galaxyra: urriaren 26an kaleratuko dute PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan.
Marvelen superheroiekin jarraituz, Avengersen datozen espantsioak ere nabarmendu zituzten aurkezpenean. Bideo-jokoa porrot hutsa izan den arren edukiak sortzen jarraitzen dute; ikusteko dago hauek azkenak izango diren edo etorkizunean lanean jarraituko ote duten.
Dagoeneko ezaguna zen eta ekainean estreinatuko den Cosmic Cube DLCarekin batera War for Wakanda eduki gehigarriaren trailer zinematikoa erakutsi zuten Crystal Dynamicsekoek. Nola ez, bertan Wakandako errege Black Panther izango da protagonista. Doako eduki bezala iritsiko da irailaren 4an.
Orain bi urte PlayStationen State of Play batean erakutsitako Babylon’s Fall berriz ikusteko aukera egon zen E3an. PlatinumGamesen jokoak estudio japoniarraren ohiko elementuak batuko ditu: hack and slash bizkorra izango da, baina kasu honetan borroka kooperatiboak izango dira ardatz nagusia.
Fantasiazko girotzedun abentura hau PS5ean, PS4an eta PCan jokatu ahalko da; argitaratze datarik eman ez duten arren, beta itxia egongo dela baieztatu dute japoniarrek.
Life is Strange birritan azaldu zen Square Enixekoenean: alde batetik Life is Strange originalaren eta Life is Strange: Before the Stormen birmasterizazioetan egindako lana erakutsi zuten. Ondoren True Colors atal berriaren xehetasunak eman zituzten. Alex Chen protagonistaren botere bereziak ezagutzera eman eta argitu beharreko misterioaren gorabeherak azaldu zituzten Deck Nine Gameseko garatzaileek.
Life is Strange: True Colors irailaren 10ean estreinatuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Stadia plataformetan.
Dragon Quest alboratu egin zuten orain egun batzuk sagaren 35. urteurrenaren harira egindako aurkezpenean azaldutakoak erakutsi gabe geratuta, baina Squaren beste JRPG frankizia ospetsua bai agertu da E3 honetan. Alde batetik PC eta mugikorretarako Final Fantasy Pixel Remaster iragarri zuten: lehen ataletik seigarrenera arte birmasterizatuko dituzte jatorrizko atal grafikoa errespetatuta.
Iragarrita dagoen Final Fantasy XVIren irudirik ez erakusteko erabakia hartu zuten japoniarrek, agian esku artean zuten berritasuna nabarmendu nahian, baina zaleek ez dute oso ongi hartu bideo-joko berri hau: Stranger of Paradise Final Fantasy Origin Koei Tecmo estudioarekin sortutako elkarlana izango da.
Akzioa eta RPGa batuko ditu, Final Fantasyri “ikuspegi berria gehituta”. Nioh bezalako lanekin antzekotasun handiak izango ditu, garatzaile berberak garatua izango baita: Team Ninja arduratuko da zehazki FFren hastapenak kontatzeaz.
2022rako prestatzen ari dira PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetarako. Gainera, PlayStation 5erako doako froga argitaratu dute arduradunek.
Beste hainbat aurkezpenekin egin modura, Game Erauntsiak Square Enix Presentsaren jarraipena egin zuen Twitch bidez zuzenean; berriz ikusteko Youtubeko kanalean dago ikusgai.
Iruzkinak