Ekainaren 12an aurkeztuko ditu bere jokoak enpresa frantsesak. “Mundu osoko estudioen iragarpenak” agindu dituzte.
Entertainment Software Association erakundeak orain aste batzuk baieztatu zuen E3 azoka formatu digitalean itzuliko dela aurten. Electronic Entertainment Experience izenpean bideo-jokoen industriako enpresa eta garatzaile handienak batuko dira bertan, ohi bezala iragarpenak egiteko, oraingoan beste egitura batekin egingo duten arren.
Egitasmoa baieztatuta, enpresak hasi dira beraien aurkezpen digitalak noiz izango diren zehazten. Lehenengoa Ubisoft izan da: garatzaile frantsesak joan den urtean hasitako Ubisoft Forward ekimena oraingo honetan E3aren baitan egingo duela ziurtatu du.
Ekainaren 12an izango da Assassin’s Creed, Far Cry edota Rainbow Six frankizien arduradunaren aurkezpena, 21:00etan hasita.
Ubisoftek iragarpena bere webgunetik egin du. Frantsesek ez dute bertan erakutsiko dituzten lanei buruzko xehetasun handirik eman, baina “mundu osoko estudioen iragarpenak” egingo dituztela adierazi dute prentsa oharrean. Laster aurkezpenaren inguruko xehetasunak eskainiko dituztela adierazi dute: Far Cry 6, Riders Republic eta Prince of Persia Sands of Time Remake dira, gaur egun, Ubisoft garatzen ari den iragarritako proiektuak.
Hori horrela, joan den urtean pandemiaren eraginarengatik enpresa handi askok eratutako aurkezpen digitalak bere horretan E3an ikustea espero da. Azokan Ubisoftekin batera “Nintendo, Xbox, Capcom, Konami, Take-Two Interactive edota Warner Bros. Games” egongo direla baieztatu dute ESAko arduradunek; udara arte are garatzaile gehiago gehituko direla aurreikusten dute azokaren antolatzaileek.
Ekainaren 12tik 15era bitartean egingo da E3 2021.
Iruzkinak