Industriako adituentzako egunak eta publiko orokorrarentzakoak bereizita egongo dira datorren urtean.
Electronic Entertainment Expo azoka, edo, bideojokozale guztiek ezagutzen duten bezala, E3a, datorren urtean itzuliko da. 2019tik aurrez-aurreko ekimenik egin gabe, eta bidean guztiz desagertu ondoren, ReedPop enpresak berpizteko erabakia hartu du. Are gehiago, datak finkatu dituzte: 2023ko ekainaren 13an abiatuko dute bideojokoen munduko azokarik handiena.
Azoka bera ireki aurretik, ordea, ohiko aurkezpen handiak ikusteko aukera egongo da —ohi bezala, bi alorrak banatuta egongo dira, beraz—: ekainaren 11n hasiko dira zuzenekoak eta bestelako ekitaldiak. Enpresa handiek oraindik ez dute beren partaidetza zehaztu, noski, eta ziurrenik horretarako asko falta da.
Los Angelesko Convention Center-ean egiten den erakusleihoari dagokionez, esan bezala ekainaren 13an irekiko ditu bere ateak, eta ekainaren 16an bukatuko dute ekimena. Hori bai, datorren urtean bi ataletan banatzea erabaki dute Reedpopekoek. Alde batetik, 13tik 15era bitartean industriako adituei eta kazetariei zuzenduta egongo da bakarrik. Bestetik, 15etik 16ra publiko orokorrak bisita dezake azoka; are gehiago, publikoarentzako gunea areto desberdin batean eraikiko dutela dirudi.
Ongi etorritako aldaketa, aspalditik eskatzen izan baita: aurreko E3etan publikoak zein enpresetako langileek eta kazetariek bat egiten zuten, gehiegizko jende kopurua bilduz. Kyle Marsden-Kish Reedpopeko zuzendariordea horren inguruan mintzatu da: “Gure asmoa E3ko ohiko astea jarraituta industria biltzea da, gatz hori berreskuratzea eta E3ari bideojokoen sortzaileen eta kontsumitzaileen nazioarteko erakusleiho benetan magikoaren rola berrezartzea”.
Reedpopekoek bestelako ekimen handiak antolatzen adituak badira ere —PAX edo EGX azokak prestatu izan dituzte—, E3a kudeatzen duten lehen aldia izango da 2023koa. ESA elkarteak, aurreko antolatzaileak, laguntzen jarraituko duela adierazi du, gainera.
Iruzkinak