Erakustoki birtualak, zaleak batzeko guneak, foroak eta bestelako ekimenak batuko dituzte bertan. Ekainaren 12tik 15era egingo dute azoka.

Formatu berriarekin itzuliko da E3a, eta jarraitzaileek ohiko ekimenez eta gehiagoz modu digitalean gozatzeko bideak prestatzen ari dira Entertainment Software Associationeko kideak. Horien artean dago aurkeztu berri duten gailu mugikorretarako aplikazioa zein webgune guztiz eraberritua.

Horiekin azoka birtuala sakabanatutako bideoak eta aurkezpenak baino gehiago izatea nahi dute. Izan ere hainbat ekimenetan parte hartu ahalko dute erabiltzaileek. Esanguratsuenak erakustoki birtualak izango dira: horietan enpresa eta garatzaileek jokoak aurkeztu eta informazioa eskainiko dute. Horrez gain erabiltzaileak batu eta solasaldian aritzeko gune birtualak, foroak eta gehiago izango ditu azokak.

Horren modan dauden gamifikazio elementuak ere aipatu dituzte, lorpenekin eta sailkapen taulekin. Aurkezpenei laguntzeko ESAko kideek garatzaileei egindako elkarrizketak eta bestelakoak ere ikusi ahal izango dira aplikaziotik.

Azken batean erabiltzaile gehienentzat erabilgarriena izango den ezaugarria aurkezpenen ordutegien jarraipena egiteko aukera izango da. Izan ere, une honetan enpresa gutxi batzuek soilik baieztatu dituzte beraien aurkezpen digitalen eguna eta ordua. Ubisoften txanda ekainaren 12ko 21:00etan izango da, esate baterako.

Gune berria zein aplikazioa ezin dira erabili oraindik, baina arduradunek hilabete honetan aktibatuko dituztela aipatu ditu. Erabiltzeko ezinbestekoa izango da izena ematea.

 

Gero eta partaide gehiago

Ekaina iristear dagoela, enpresa gehiago ari dira beraien partaidetza baieztatzen. Orain gutxi Square Enixek adierazi zuen bertan egongo dela Final Fantasy VII Intergrade bezalako lanak erakusteko.

SErekin batera SEGA, Bandai Namco, Gearbox eta XSeed Games izan dira azokara gehitu diren azken garatzaileak. Guzti horiek Nintendo, Xbox, Capcom, Take-Two Interactive eta Warner Bros. Games bezalako enpresekin batera egongo dira ekaineko egitasmoan. Konami baieztatuta zegoen arren, kanpoan gelditu da azkenean.

2021eko E3a ekainaren 12tik 15era bitartean jarraitu ahalko da.