PC, PlayStation 4 eta Xbox Oneko jokalariek elkarrekin jokatu ahal dute.
Crossplay terminoa azken urteetan bideojokalarien artean gero eta garrantzitsuagoa egiten joan da. Jokalarien plataforma kontuan hartu gabe elkarrekin jokatzea ahalbidetzen du crossplayak, eta Electronic Artsek ezaugarri hori bere jokoetan gehitzen hasiko dela iragarri du.
Need for Speed Heat da crossplaya erabiltzen duen EAren lehen bideojokoa. Azaroan kaleratu zuten PC, PlayStation 4 eta Xbox Onerako lasterketa jokoa; asteartetik plataforma horietako jokalariek batera jokatu ahal dute inolako mugarik gabe garatzaileek sortutako eguneraketa baten bidez.
Ibilbide berri hori ospatzeko asmoz, Need for Speed Heat EA Access eta Origin Access Basic Vault harpidetza zerbitzuen barnean egongo da ekainaren 16tik aurrera. Horrez gain, EA bere jokoak Steamen argitaratzera itzuli da, eta horien artean aurkitzen da Heat. Crossplaya Originen eta Steamen arteko jokalarien artean ere gauzatuko dela baieztatu du EAk.
Need for Speeden etorkizuna
Matt Webster Criterion Gameseko arduraduna EAren lasterketa jokoen sagaren etorkizunari buruz mintzatu da. Heat dagoeneko desagertuta dagoen Ghost Gamesek garatu zuen, baina datorren Need for Speed berriz Criterionen eskuetan egongo dela azaldu du Websterrek.
“Orain arteko NfS biziena, sozialki lotuena eta akzioz betetakoena egiteko oinarriak ditugu”, dio Criterionen arduradunak.
Iruzkinak