Xbox Game Pass Ultimaten harpidedunek EAren jokoak jasoko dituzte azaroaren 10ean.
“Jokalariak jokoen erdigunean jartzea” da Microsoftek datorren belaunaldiari begira bilatzen duen helburua. Hori gauzatzen hasteko belaunaldia hastearekin batera EA Play zerbitzuko jokoak Xbox Game Passarekin bat egingo dutela iragarri du.
Xbox Series X eta S estreinatzen diren egun berean Xbox Game Pass Ultimate harpidetza zerbitzua ordaintzen dutenek Electronic Artsek sortutako mota bereko zerbitzuan dituen joko guztiak eskuratuko dituzte. Hortaz, Azaroaren 10ean EAren 60 joko baino gehiago gehituko dira Xboxen zerbitzura.
Modu horretara “lau kontsola belaunalditan banatutako milaka bideojokotara” jokatzeko aukera eskainiko diete harpidedunei. PCko jokalariek pixkat gehiago itxaron beharko dute EAren jokoetarako: abenduan gehituko dituzte Game Passaren katalogora.
Bethesdarekin bat
Bethesda erosi dutela aprobetxatuz, EA Playko jokoak ez dira Game Passera helduko diren bakarrak izango. Urriaren 1etik aurrera Bethesdak dituen joko arrakastatsuenetako batzuk gehitzen joango direla iragarri dute Microsoftekoek: egun horretan Doom Eternal iristiko da zerbitzura.
“Denbora luzea daramagu une honen zain, eta iritsi da azkenean”, adierazi dute Xboxekoek. “Bideojokoen belaunaldi berri batean sartzeko gaude, eta aurreko beste edozein une baino hobeto ikusi eta sentitzen da. Xboxen jokatzeko inoiz baino aukera gehiago egongo dira. Plataformen arteko jokoak plataforma desberdinak erabiltzen dituen jendea konektatzen lagundu, Xbox Game Passarekin esperientzia berriak aurkitzea ahalbidetu eta laino bidezko jokoarekin edonon jokatzeko aukera emango dugu”.
Xbox Game Pass Xbox kontsoletan, PCan eta laister Android gailuetan erabili daitekeen harpidetza zerbitzua da. Android bidez funtzionatzen duten mugikor eta tabletetan xCloud streaming zerbitzuaz baliatuko dira; xCloud Game Passaren baitan egongo da.
Iruzkinak