Futbolaren munduko egungo jokalariak zein kondairak bildu dituzte aurkezpenean. Etzi lehen jokagarritasun bideoa erakutsiko dute.

Aspalditik iragarrita bazegoen ere, Electronic Artsekoek EA Sports FC futbol jokoaren lehen atala ofizialki aurkeztu dute. 2024ko edizioa dela azpimarratuz egin dute iragarpena, sagak bere urteak dituela esan nahian; izan ere, FIFA frankiziaren lekua hartzera dator.

Bideojoko berriaren atal grafikoa ezagutzera emateko bideoarekin iragarri dute EA Sports FC 24: bertan, dagoeneko 30 urteko ibilbidea egin dutela aditzera eman dute —FIFArekin egindako lanari keinu eginez—, baina “futbol zelaira are gehiago hurbiltzeko unea iritsi dela”.

Mezuarekin egungo futbolean sakontzeaz gain, atzera begira ere jarri dira. Haaland, Putellas eta Kerr bezalako jokalari gazteekin batera Zidane, Beckham eta beste hainbat ageri dira, bai trailerrean, bai tituluaren azalean.

Lehen begiradan azken FIFA jokoetan erabilitako baliabideak eta tresnak berrerabiliko dituztela ikus daiteke; hau da, Frostbite motor grafikoa erabilita abiatuko dute futbol frankizia eraberritua. Hori horrela, antzeko jokagarritasuna nahiz aurkezpena espero ditzakegu.

19.000 futbol jokalari, 700 talde, 100 futbol zelai eta 30 liga edukiko dituela agindu zuten orain hilabete batzuk frankiziaren arduradunek. Horrez gain, Ultimate Team eta Career modalitate ezagunak mantentzen jarraituko dute.

Jokagarritasunik ikusi gabe geratu gara, ordea. Hori azkar zuzentzeko asmoa daukate EAkoek: etzi 18:30ean argitaratuko dute lehen gameplay bideoa.

Electronic Artsek FIFAgandik aldentzea erabaki zuen 2021ean: futbol erakundeak 1.000 milioi dolar eskatu zizkion EAri lizentziengatik. Aurretik adostutako akordioak 2023ra arte irauten zuenez, FIFA 23 izan da elkarrekin sortutako azken futbol jokoa; orain, erakundekoek beste garatzaile batekin elkarlana abiatzea espero da FIFA lizentzia bideojokoen munduan bizirik mantentzeko.

EA Sports FC 24 PC-an zein PlayStation 5, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan kaleratuko dute. Argitalpen data, baina, zehaztu gabe utzi dute oraingoz; urte bukaeran merkaturatzea espero da, FIFA jokoekin egin izan duten modura.