Emakumezkoen taldeak Karrera modalitatean gehituko dituzte lehen aldiz. Plataforma nagusi guztietara iritsiko da.

Electronic Arts enpresak EA Sports FC 25ren —FIFA berriaren, alegia— argitaratze data baieztatu du aurkezpen ofizialean: irailaren 27an estreinatuko dute.

Futbolaren festa berritasun nabarmen batekin iritsiko zaigu. Lehen aldiz, Karrera modalitatean emakumezkoen taldeak aukeratzeko, kudeatzeko eta beraiekin jokatzeko aukera edukiko dugu. Bost liga europar nagusietako lehen mailetako emakumezko jokalariak ikusiko ditugu.

Egileek azaldu dutenez, modu dinamikoan txertatuko dituzte nesken taldeak; adibidez, gizonezkoen talde bat kudeatzen has gaitezke, ondoren emakumezkoen bateko arduradun izatera iristeko. Hala ere, mugatuta egongo dela dirudi: esate baterako, emakumezkoen lehen maila soilik egonda, ziurrenik ez dugu maila jaitsierarik ikusiko.

Karrera modalitatearen berrikuntza esaguratsua izango da, baita, zuzeneko abiapuntuena (Live Start Points). Egungo txapelketetan murgiltzea ahalbidetuko du; horrela, unean jokatzen dabiltzan txapelketen datuak hartuko dituzte, nahi izanez gero, datu errealetatik abiatuta gure patua eraikitzen hasteko.

Berritasunekin jarraituz, CPUak gidatutako jokalarien erabakiak eta erantzunak hobetzeko jokalarien rolak izeneko sistema ezarriko dute. Adimen artifizialaren bidez benetako jokalarien datuak hartu, eta hauekin taktika zehatzagoak eratzeko aukera egongo dela diote.

Rush joko motan 5vs5 partidu bizkorrak ikusiko ditugu. Norgehiagoka arrunten mekanikak mantenduko ditu, eta modalitate handi guztietan jokatu ahalko dugu: FUT, Klubak eta Kick-Off partidetako aukera izango da.

Atal grafikoak ere hobekuntzak jasoko ditu. Izpien trazadurari esker argiztapena hobetzea bilatzen dute. Hori dela-eta, egungo belaunaldietako kontsoletako erabiltzaileek bi aukera grafiko aurkituko dituzte: efektu grafikoak lehenesten dituena, eta bereizmena —4Kra arte— nagusitzen duena.

Argiztapenari lotuta, efektu dinamikoak nabarmentzera bideratutako ezaugarria ikusiko dugu. Partidu bateko lehen denbora egunez has daiteke, eta bigarren denbora gauez jarraitu.

EA Sports FC 25 egungo plataforma nagusietan merkaturatuko dute: PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta PC gailuetan erosi ahalko dugu futbol jokoa irailaren 27tik aurrera.