Codemasters-ek garatutako rally lasterketen jokoa azaroaren 3an kaleratuko dute PS5, Xbox Series eta PC plataformetan.
Electronic Arts taldeak lasterketen bideojokoa aurkeztu berri du: EA Sports WRC. Izenak dioen bezala, rally autoetan zein erronketan oinarritutako titulua izango da; horrela, DiRT Rally betenaroaren lekua hartuko duen IPa dugu. Iragarpena aurkezpen trailerrarekin egin dute.
Jokoko protagonistak World Rally Championship-eko makinak eta etapak izango dira: prentsa oharrean jakinarazi dutenez 2023ko denboraldiko WRC, WRC2 eta Junior WRC kategorietako autoak, taldeak eta gidariak azalduko dira tituluan. Maila nagusiko ibilgailu klasikoen sorta zabala ere ikusiko dugu: guztira 70 bat auto egongo direla diote EAkoek.
Are gehiago, gure taldea eta autoa diseinatzeko aukera edukiko dugu. Horiekin “Eraikitzaile” modalitatean lehiatuko gara; horri lotuta, txapelketako norgehiagoketan murgil gaitezke. “Oroitzapen” joko motan, berriz, WRCko unerik gogoangarrienak bizitzea proposatuko digute sortzaileek.
Kokalekuen aldetik hamazazpi herrialdetan banatutako 200 etapa inguru zeharkatuko ditugu: Monte Carlo, Portugal, Kenia eta Japonia aipatzen dira, adibidez.
Codemasters estudiokoek errepikatzera datoz rally lasterketak prestatzeko. Hala ere, garapen motorean aldaketak ikusiko ditugu: etxeko ohiko Ego motor grafikoa erabili ordez, Unreal Engine-ra igaroko dira oraingoan.
PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan estreinatuko dute EA Sports WRC. Azaroaren 3an kaleratuko da; halere, erreserba digitala egiten dutenek urriaren 31n sarbide goiztiarra jasoko dute.
Iruzkinak