Valven plataforman 25 bideojoko baino gehiago kaleratu dituzte; gehiago ekarriko dituela agindu du EAk.
Electronic Artsek iaz eman zituen Steamera itzultzeko lehen pausoak. Star Wars Jedi: Fallen Order Valven plataforman argitaratuta, bideojoko gehiago bertan estreinatzeko asmoa adierazi zuen. Orain, 25 obra baino gehiagoz osatutako “lehenengo joko bolada” argitaratu du EAk Steamen.
Mirror’s Edge Catalyst, Burnout Paradise Remastered, Unravel, Unravel 2, Crysis 3, Dragon Age II, Dragon Age: Inquisition, Fe, Need for Speed, Need for Speed Heat, Need for Speed Rivals, Plants vs. Zombies: Battle for Neighborville eta Sea of Solitude dira lehen joko bolada horretan bildutako lanak.
Horiei birmasterizazio berri bat gehitu zaie: Command & Conquer Remastered Collection estrategia jokoen bilduma. Datozen egunetan are joko gehiago gehituko dituzte.
EA Access ere Steamen
Bideojokoak ez dira Electronic Artsek Steamera ekarriko dituen berritasun bakarra izango. EA Access harpidetza zerbitzua Valven plataforman erabili ahalko da.
Zerbitzua udan helduko da Steamera: harpidetzen direnek EAren bideojoko sorta erabilgarri edukiko dute. Ez hori bakarrik, beherapen bereziak eta beste hainbat onura jasoko dituzte.
EA Access Xbox Onerako eta PS4rako eskuragarri dago orain urte batzuetatik. PCn, baina, Origin Access izeneko harpidetza egon da EAren plataforma digitalean; Steamekoa kontsoletako zerbitzuaren antzekoa izango da.
Iruzkinak