Advance Wars sagaren klona da. Ordenagailuetan kaleratuko dute udan.

Relic Entertainment estudioak Earth vs. Mars aurkeztu du. Estrategia taktikoa ardatz duen obra berria PCrako prestatzen dabiltza.

Irudiak eta bideoak ikusita argi eta garbi geratzen den modura, Nintendo-ren Advance Wars —edo Famicom Wars— sagaren proposamen berbera aurkezten digu Earth vs. Marsek. Lauki sareaz osatutako mapan kokatuko dugu gure armada, eta txandakako dueluetan ariko gara.

Martetarren inbasioa geldiaraztea izango da gure helburua. Horretarako soldaduak, tankeak eta bestelakoak erabiliko ditugu… baina arma sekretu boteretsua edukiko du gure alderdiak. Gizakiak animaliekin fusionatzen dituen teknologiari esker supersoldaduak sortuko ditugu. Horrela, zerutik azidoa jaurtitzeko gai diren unitateak edo basoak ziztu bizian zeharka ditzaketen urtxintxa gizakiak egongo dira gure armadan. Martekoek ere antzekoa egingo dute, baina.

Advance Warsetan ikusi modura, partidetan komandante desberdinen artean aukera dezakegu; bakoitzak abilezia aktibo eta pasibo desberdinak edukiko dituenez, guretzat egokiena bilatu beharko dugu.

Modalitate ugari prestatu dituzte estrategia jokoarentzat. 30 misiodun kanpaina gainditu beharko dugu; online multijokalarian duelu latzak zein CPUaren aurkako borrokak biziko ditugu; mapen editorearekin gure kokalekuak sor ditzakegu. 3D atal grafikoa edukiko badu ere, estetikoki Nintendoren estrategia sagarekin antzekotasun handiak ikusiko ditugu.

Relic Sega-rengandik urrundu zen iazko martxoan, guztiz independizatzea lortuta. Ordutik prestatutako lehen jokoa da Earth vs. Mars; aurretik, Company of Heroes 3 edo Age of Empires IV bezalako estrategia jokoetan lan egin zuten.

Oraingoan eskala txikiagora jotzea erabaki dute, baina zaleei ez arduratzeko eskatu diete: “Relic Labs markako lehena da, joko txikiagoekin ideia berritzaileak, dibertigarriak eta esperimentalak probatzea ahalbidetuz. Hala ere, denbora errealeko estrategia joko handiekin jarraituko dugu”.

Earth vs Mars aurtengo udan kaleratzeko asmoa agertu dute egileek. PCrako soilik ikusiko dugu hasiera batean, baina harrera ona edukiz gero, kontsoletarako bertsioak garatuko dituztela aurreratu du estudio kanadarrak.