Garapen prozesuak “behar beste denbora hartuko duela” adierazi dute Extremely OK Gamesekoek; abentura berriak ez dauka argitaratze datarik.
Musika nagusi duen aurrerapen txiki batekin aurkeztu du Extremely OK Games estudioak bere hurrengo lana izango dena. Hainbat prototipo txiki garatu ondoren, Earthblade da garatzailearen epe luzerako proiektua.
Iragarpena bideo-jokoak edukiko duen girotzea aurkezteko baino ez dela izan adierazi dute estudiokoek. Halere, obra berri honi buruzko lehen zertzeladak eta azalpenak emateko sarreratxoa prestatu du beraien blogean Maddy Thorson kideak. “Esplorakziozko” jokoa izango dela agindu dute prentsa oharrean; pixel art atal estetikoa edukiko duela ere aurreratu dute bertan.
Lehen ezaugarri horiek kenduta, garatzaileek ez dute asko sakondu nahi Earthbladen egin nahi dutenarekin. “Celeste garatzen ari ginenean ia egunero txiokatzen genituen egunean sortutako gauza interesgarriak, zerbait partekatzeko gogoak genituen bakoitzean”, dio Thorsonek blogean. “Baina proiektu honi kutsu misteriotsua ondo datorkio, beraz xehetasun guztiak zoratzekoa izango den iragarpen handi baterako uztea erabaki dugu”.
Hasiera batean Earthbladen garapen prozesua azkarra izatea aurreikusten bazuten ere, luzerako doala dirudi. “Ez dakigu zenbat denbora hartuko duen, behar beste denbora hartuko duela soilik esan dezakegu”. Nola ez, nazioarteko pandemia egoerak ere beraien helburuak geldotu dituela aipatzen du Thorsonek. Halere aurreko prototipoekin ikasitakoak Earthbladerako balioko diela azpimarratzen du, eta Celeste argitaratu zutenetik horietan lan egiten aritzea probetxugarria dela dio garatzaileak.
Earthbladi buruzko informazio gehiago eman arte denboratxoa pasako dela adierazi nahi izan dute estudiokoek. Ez dute zehaztu jokoa zein plataformetan argitaratuko duten etorkizunean.
Iruzkinak