Hainbat arazo eta berandutzeren ondoren zehaztu dute argitaratze data Pixpil-ekoek. Garatzaile txinatarraren lehen bideo-jokoa izango da.
Garapen prozesu luzea behar izan dute, baina Shangaiko Pixpil estudiokoek azkenean baieztatu dute Eastward interesgarriaren argitaratze data. Hilabete honetan kaleratuko dute: irailaren 16an jokatu ahalko da PCan, Steam bidez, zein Nintendoren Switch kontsolan.
Akziozko RPG abentura honetan jokalariek John eta Sam protagonisten kontrola hartuko dute. Gizadia lurpeko hirietan bizi da etorkizunean. Izan ere, elementu toxiko hilgarri baten lurra pozoitu ondoren meatzeetan lan egiten hasi behar izan zuten askok, lurpean gero eta sakonago bidaiatuz. Meatzari horietako bat da John, baina bere benetako zaletasuna sukaldaritza da, eta hau jokoaren mekaniketan islatuko da.
Sam, bestalde, botere bereziak dituen neska gaztea da. Biek batera puzzleak gainditu, etsaien aurka egin eta lurpean eratu den gizarte ustelarengandik ihes egingo dute tren bati esker. Horrela herri berriak esploratuko dituzte.
The Legend of Zelda bezalako abenturen bidea jarraituko du jokoak 90eko hamarkadako anime japoniarrak gogora ekarriko dituen bi dimentsiotako estetika koloretsuarekin eta soinu bandarekin.
Eastward pasa den urtean estreinatzeko asmoa zuten garatzaileek, baina bizitako berrogeialdian bulegoan gordetako fitxategietara sarbiderik izan gabe geratu ziren, argitalpena berandututa. PlayStation eta Xbox kontsoletarako kaleratzea ere aurreikusten dute, baina aurretik Switcheko esklusiboa izango da kontsolen aldetik.
Iruzkinak