Obra horien garatzaileek modu errazean aktiba dezakete Proton sistemaren euskarria; gauza gera gertatzen da BattlEye erabiltzen duten bideo-jokoekin.

Proton sistemaren bateragarritasuna eta euskarria izango dira, zalantzarik gabe, Steam Deckaren arrakastaren faktore garrantzitsuenetako batzuk. Valvekoek berri onak dituzte horren inguruan: Easy Anti-Cheat tranpen aurkako zerbitzua erabiltzen duten jokoentzako euskarria prestatu dute. Harrigarriena hau lortzeko abiarazitako elkarlana izan da: Epic Games-ekoekin batera aritu dira Valvekoak, hauek baitira zerbitzuaren arduradunak.

Orain hilabete batzuk Easy Anti-Cheatek Linux-erako nahiz Wine eta Proton sistementzako euskarria jaso zuela iragarri zuen Epic Gamesek. Hori horrela, zerbitzu hau erabiltzen duten jokoak Protonekin eta halabeharrez, Steam Deckean, jokatzeko arazo gutxi egongo zirela zirudien.

Ez zen, baina, horrela: Warhammer: Vermintide 2-ko garatzaile batek Steamen azaldu zuenez, EACren bi bertsio desberdin daude gaur egun: berrienak jaso zuen Linuxerako euskarria, Epic Online Services ezaugarriarekin bateratuta; zoritxarrez, orain arte argitaratutako joko gehienek EACren bertsio zaharra erabiltzen dute, eta honek ez dauka Protonentzako eta Winentzako euskarria.

EAC berrira gaurkotzeak arazo handi bat dakar, baina: erabiltzaileek sarean jokatzeko Epic Online Services zerbitzuan izen eman behar dute ezinbestean.

Zorionez, euskarria hobetzeko lanean aritu dira Valve eta Epic. Garatzaileei helarazi dietenez, Proton EACrekin bateragarria izan dadin arduradunek tranpen aurkako zerbitzuko webgunean aktibatu beharko dute euskarria. EACren Linux fitxategiak jaitsi eta hauek bideo-jokoan gehitu ondoren, bertsio berria argitaratu beharko dute Steamworks webgunean.

Automatikoa ez den arren, bateragarritasuna modu errazean ziurtatzeko sistema eratu dutela dirudi. Orain aste batzuk antzekoa egin zuten BattlEye zerbitzuarekin. Prozesu guztiaren azalpenak Steamen garatzaileentzako orrialdean zerrendatu dituzte.

 

Egiaztapenekin aurrera

Horri lotuta, Deck Verified sistemaren datu basean joko hauek gehitzen hasiko direla baieztatu dute Valvekoek: Apex Legends, Fall Guys: Ultimate Knockout, Halo: The Master Chief Collection edota New World daude hauen artean.

EAC erabiltzen duten jokoen garatzaileei gaur bertan helaraziko diete lortutako balorazioa. Steam Deckarekin bateragarritasuna ziurtatzeko astebeteko epea edukiko dute; hau da, zazpi egunetan Protonentzako eta gailu berriarentzako euskarrian lan egin ahalko dute.

Eskuko PCaren arduradunak Deck Verified abiarazteko gogor ari dira lanean. Oraindik publikoarentzako ikusgai ez dauden arren, Steameko datu basean sistema honen balorazioak jaso dituzten lehen jokoak ikus daitezke. SteamDB webguneak hauek zerrendatu ditu; dena den, datozen egunetan are gehiago azaltzea aurreikusten da.