“Ehundaka garapen kit” banatu dituzte garatzaileen artean azken hilabetean. Deck Verified sistema “laster” abiaraziko dute.

Otsaileko azken egunetarako Steam Decka banatzen hastea aurreikusten du Gabe Newell-en enpresak.

Urtea hasita, eskuko PC-aren erreserba egin dutenak berriak entzuteko desiratzen daude; sareko foroetan eta blogetan hainbat dira merkaturatze data zehaztea edota edozein albiste ematea eskatzen dutenak. Horiei jaramon eginez, Valvekoek gailuaren urtarrileko eguneraketa eskaini dute Steam-en: bertan aldarrikatu dutenez, “Steam Decka banatzeko garaiz” dabiltza. “Nazioarteko pandemia, hornikuntza arazoak eta banaketa gaiak kontuan hartuta, otsail bukaerarako banatzen hasi ahalko garela dirudi”.

Steam Decka uztailean iragarri zutenean, 2021eko abenduan banatzen aurreikusteko asmoa agertu zuten. Aipatutako arazoengatik ezin izan zuten jarritako epemuga hori bete, eta otsailera berandutu zuten merkaturatzea. Erreserba egin dutenek esteka honetan sakatuta ikus dezakete noiz jasoko duten eskuko PCa.

Erosleei produktua helaraztea garrantzitsua bada ere, aurretik gailuak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatu behar dute arduradunek. Horretarako, Steam saltoki digitalean bideo-jokoak kaleratu dituzten garatzaileei garapen kitak bidaltzen ibili dira azken hilabeteetan; azken oharrean nabarmendu dutenez, abenduan “ehundaka garapen kit” banatu dituzte. Une honetan are gehiago bidaltzekotan daudela jakinarazi dute, gainera.

Modu horretara, garatzaileek beren obrak Steam Deckan probatu eta hauek arazorik aurkezten duten ikustea nahi dute Valvekoek, ondoren hauen feedback-a jasotzeko. Hori eginda, Deck Verified sistema osatzea eta aberastea bilatzen dute: ezaugarri honekin Steamek biltzen dituen milaka jokoak zerrendatu, eta Deckean modu argian eta ulerterrazean zer moduz funtzionatzen duten zehaztu nahi dute.

Lau ezaugarri bete beharko ditu joko batek Deckean jokatzeko egiaztaturik dagoela bermatzeko: aginteen sarrera, pantaila, arintasuna eta sistemarekin bateragarritasuna. Hauek beteta, marka berdea eskuratuko dute sistemaren baitan.

Horri lotuta, Steameko erabiltzaileek “laster” ikusi ahalko dute Deck Verified sistema plataforman. Are gehiago, dagoeneko egiaztatutako balorazioa jaso duen lehen bideo-jokoa filtratu du Pavel Djundik SteamDB webguneko arduradunak: Portal 2. Saltokira tablet formatuan sartuz gero (eta oraindik ikusgai ez dagoen Steameko aginteen sistema aktibatuta) ikus daiteke marka berdea Valven jokoan.

Bukatzeko, Steam Deckak ia prest dituztela frogatzeko argazkia erakutsi dute arduradunek: hainbat gailu ikus daitezke bertan, estutxe propioekin.