Aurten argitaratuko dute PC-rako eta kontsoletarako. Etorkizunean Android eta iOS gailuetan ere jokatu ahalko da.
Konami enpresa japoniarrak Pro Evolution Soccer marka ezaguna desagertu egingo dela baieztatu. Horren ordez eFootball izendatutako jokoarekin jarraituko du futbol lanen frankiziarekin.
Doako bideo-jokoa izango da eFootball. Free to play formatua igarotzearekin batera obra modu digitalean soilik eskuratu ahalko dela baieztatu dute japoniarrek.
PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetarako prestatzen ari dira lehenik eta behin, baina horietan merkaturatu ondoren gailu mugikorretarako bertsioak egingo dituztela azaldu dute arduradunek. Zehazki, Android eta iOS sistema eragileetarako kaleratuko dute futbol jokoa.
Plataforma arteko jokoa ere baieztatu dute gainera. Aipatutako gailu guztien artean jokatzea ahalbidetuko dute horrela, inolako mugarik ezarri gabe.
Unreal Engine motor grafikoa erabilita dabiltza jokoa sortzen; aurreko futbol jokoetan FOX Engine propioa erabiltzen zuten arren, mugikorretarako bertsioetan dagoeneko Epic Games-en tresnaz baliatzen ziren japoniarrak. “Futbol esperientzia iraultzailea” sortzeko asmoarekin agertu dira Konamikoak. “Girotze ezin hobea” eratzeko motor grafikoz aldatzeko hautua egin dute Motion Matching deitutako teknologiarekin pertsonaiek edukiko dituzten animazio kopurua laukoiztuta.
Futbol partidetara ezer ordaindu gabe aritzea agindu duten arren, etorkizunean ordainpeko eduki desberdinak kaleratzeko asmoa agertu dute Konamikoek. Horiek aurkezteko eguneraketen bide-orria aurkeztu dute: bertan online ligaxkak, futbol taldeak eratzeko ezaugarria, Match Pass deitutako sistema eta gehiago aipatu dituzte.
Ez da futbolzaleek izen hau ikusten duten lehen aldia: eFootball PES 2020 eta 2021 kaleratu izan ditu aurretik. Modu horretara frankiziak hainbat izen desberdin eduki izan ditu. International Superstar Soccer-ekin murgildu ziren Konamikoak futbol bideo-jokoetan, ostean Pro Evolution Soccerrera igarotzeko, Japonian Winning Eleven izenarekin.
eFootball udazkenean merkaturatuko da PC eta kontsoletarako. Ondoren Android eta iOS gailuetarako bertsioaren txanda iritsiko da.
Iruzkinak