Beste behin, hamar asteko iraupena edukiko du lehiaketak: apirilaren 10ean bukatuko dute, “pandemiaren egoerara egokitutako finalarekin”.

Indar betean jarraitzen du CodeSyntax-ek sortutako Egunean Behin arrakastatsuak: gailu mugikorretarako galderen bideo-jokoak 9. denboraldia hasi du dagoeneko. 9D izenpean, galderen berrikuntza prestatu dute, oinarrizko mekanika berberak mantenduta.

Jakintza, trebezia, matematika eta, nola ez, euskal gaiak dira Egunean Behineko jokalariek erantzun beharko dituztenak, betiere “herri ikuspegitik”. Egunean hamar galdera aurkezten ditu aplikazioak; lagun arteko taldeen nahiz joko osoko erabiltzaileen asteko klasifikazioekin lehia ziurtatuta dago.

Android zein iOS gailu mugikorretarako lanak milaka erabiltzaile biltzen jarraitzen ditu. CodeSyntaxekoek zehaztu dutenez, aurreko zortzigarren denboraldian 60.000 pertsonek erantzun zituzten egunero proposatutako galderak eta erronkak.

Beste batez, denboraldi osorako babeslea zein asteko babesleak edukiko ditu egitasmoak: EITB izango da berriz babesle nagusia; Korrika, Berria, Mondragon Unibertsitatea, Kaixomaitia, Eika, Mubil, Ekolurra edota Euskaber izango dira berriz asterokoak.

Urtarrilaren 31tik apirilaren 10era arte luzatuko da bederatzigarrena; ohi bezala, hamar asteko iraupena eskaini diote denboraldiari. Final handia aipatu dute baita, baina oraindik ez dute zehaztu nahi izan honen formatua.

“Pandemiaren egoerara egokitutako finala” izango dela aurreratu dute; hortaz, apirilean bizi den osasun egoera ikusi arte itxarongo dute antolatzaileek. Aurreko denboraldia telebista bidez bukatu zuten, zuzeneko lehia biziarekin.

100.000 deskargen langa aspaldi gaindituta dute Egunean Behinekoek, saltoki digitaletan ikus daitezkeen datuen arabera.