Xbox, Bethesda, Capcom, Summer Game Fest, Devolver Digital… aurten ez da nazioarteko azokarik egongo, baina ekimenak soberan daude. Horiek errepasatu ditugu.

Ondo jakingo duzuenez, aurten ez dugu E3 azokarik izango. Zorionez, enpresa handiek zein joko independenteen argitaletxeek ez dute aurkezpenik egin gabe geratu nahi izan. Dagoeneko horietako bat ikusi dugu —pixkat berezia izan den arren, PlayStation-en State of Play aurkezpena ekainean egin da—, baina datozen egunotan ekimenen zaparrada jasoko dugu.

Esan bezala, nazioarteko garatzaileek zein estudio txikiek euren tituluak ezagutzera eman nahi dituzte. Xbox eta Bethesda, Capcom edo PC Gaming Show bezalako aurkezpen handiak ikusiko ditugu, baina baita Devolver Digitalen, Wholesome Direct-aren zein Guerrilla Collective-n obra independenteen erakustaldiak ere. Aurten ez dagoenez guzti hauek bilduko dituen egitasmorik —tira, Summer Game Fest ari da denak bildu nahian…— hauen jarraipena egitea ohikoa baino zailagoa izan daiteke.

Hori dela eta, egunotan egingo diren aurkezpenak modu errazean ikusi ahal izateko zerrendatxoa prestatzea erabaki dugu, aurreko urteetan egin modura. Nahiz eta aste honetan hasiko dituzten, hemen jarriko ditugunez gain are gehiago iragartzea espero da —Nintendo, zure zain gaude oraindik—. Hori gertatuz gero, zerrenda hau eguneratzen joango gara, adi beraz!

Aurkezpena Eguna Ordua Esteka
Summer Game Fest Ekainak 9 20:00 Youtube
Devolver Direct Ekainak 10 00:00 Twitch
Guerrilla Collective Ekainak 11 17:00 Twitch
Wholesome Direct Ekainak 11 18:30 Youtube
Future Games Show Ekainak 11 21:00 Youtube
Xbox & Bethesda Games Ekainak 12 19:00 Twitch
PC Gaming Show Ekainak 12 21:30 Twitch
Capcom Showcase Ekainak 14 00:00 Twitch
Xbox Games Showcase Extended Ekainak 14 19:00 Twitch

 

Game Erauntsia, zuzenean

Ohi bezala, aurkezpen hauetako batzuen jarraipena zuzenean egingo dugu Game Erauntsiaren Twitch kanaletik. Oraindik zeintzuk izango diren zehaztu beharra dugu, baina bat behintzat argi daukagu: ekainaren 12ko Xbox & Bethesda Games Showcasea gurekin batera ikus dezakezue.

Iragarpen guztiak gurekin batera ikusi nahi badituzu, zuzenekoen berri aldez aurretik izateko jarraitu Game Erauntsia FacebookTwitterInstagram edota Mastodon sare sozialetan edota batu zaitez gure Telegram taldera.