Kontsola berriaren merkaturatzeak estreinaldi handiak dakartza nintendozaleentzat, baina bestelako altxorrak ere ikusiko ditugu.
Ekaina hemen da, eta, ia nahi gabe, kontsola berri baten etorrera ekarriko digu. Ez edozeinena, gainera: Nintendok horrenbeste denboraz espero izan dugun Switch 2 gailu hibridoa merkaturatuko du azkenik. Mario Kart World dakar berarekin batera, baina ez da hilabeteko protagonista bakarra izango, Death Stranding 2 edo Deltarune JRPGaren atal berriak jasoko baititugu.
Ondorengo egunetan bideojokoen festak jarraituko du, eta ez bakarrik jaialdiak nahiz aurkezpenak datozelako. FBC: Firebreak, The Alters, Rematch edo Raidou Remastered tituluetan jokatzeko aukera egongo da, beste askoren artean.
Switch 2
- Argitaratze data: 2025-06-05
- Garatzailea: Nintendo
- Prezioa: 469,99€ / 509,99€ Mario Kart Worldekin
Hemen da. Zenbat urte daramatzagun Switch 2aren zurrumurruak jarraitzen, eta, azkenean, estreinatuko dela prozesatzeko astirik gabe helduko da gure artera. Switch originalaren arrakastaren gako guztiak errepikatuz, gailu hibrido handiagoa eta indartsua izango da Nintendorena: 7,9 hazbeteko LCD pantaila, 1080p-ko bereizmenarekin eta segundoko 120 irudiko tasarekin, ekarriko digu, beste hainbat berritasunen artean.
Kontsola ez da ezer bideojokorik gabe, noski, eta hirugarrenen tituluen presentzia handia ikusiko dugu lehen egunetik: Cyberpunk 2077: Ultimate Edition, Yakuza 0 Director’s Cut, Street Fighter 6, Split Fiction, Hitman World of Assassination – Signature Edition, Sid Meier’s Civilization VII edo Suikoden I&II HD Remaster jokatu ahalko ditugu ekainaren 5etik aurrera.
Ezin gaitezke ahaztu Switch 2aren izarraz, hori bai.
Mario Kart World
- Argitaratze data: 2025-06-05
- Garatzailea: Nintendo
- Generoa: Lasterketak
- Plataformak: Switch 2
Switch 2arekin batera ikusiko dugun erabateko protagonista Mario Kart World izango da. Iturginaren eta bere lagunen lasterketak mundu ireki erraldoiarekin uztartuko ditu oraingoan, ikaragarrizko askatasuna eskainita.
Grand Prix txapelketak mantenduko dira, zenbait aldaketekin, baina Knockout Tour nahiz Free Roam modalitateak indartsu datoz. 24 gidariko lasterketak, pertsonaia mordoa, sekretuz eta erronkaz betetako mundu bizia zein multijokalari aukera ugari agintzen dizkigu orain arteko MKrik handienak.
Deltarune Chapters 1+2+3+4
- Argitaratze data: 2025-06-05
- Garatzailea: Toby Fox
- Generoa: JRPG
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch, Switch 2
Undertale ezagunaren jarraipenak unibertso alternatiboan kokatuko gaitu. Bagenekien, aspalditik, lehenengo atala 2018. urtean jaso baikenuen —bigarrenarekin batera, debaldekoa da—. Deltarunen hirugarren eta laugarren atalak ordainpekoak izango dira.
Umorea, akzioa, narratiba sakona zein mundu aberatsa elkartuta, minijokoz eta erronkaz jositako JRPG abentura ederrarekin jarraituko du Toby Fox sortzaileak. Ez du honekin bukatuko, ordea: Deltarunek zazpi atal edukitzea aurreikusten du.
Dune: Awakening
- Argitaratze data: 2025-06-10
- Garatzailea: Funcom
- Generoa: Abentura, biziraupena
- Plataformak: PC
Frank Herbert idazlearen zientzia fikziozko liburu ospetsuetan girotutako bideojoko berria dator. Duneren jokoak estrategia generoan ardaztuta egotera ohituta gaude, baina Awakeningek mundu irekiko biziraupen abentura multijokalaria eskainiko digu, nola ez, Arrakis planetan.
Borrokak, esplorazioa, pertsonaien editorea eta hauek hobetzeko aukerak, baliabideen bilketa, eraikitzea… generoaren ohiko ezaugarriak ikusiko ditugu, baina istorioa ere agintzen digute garatzaileek. Laster ikusiko ditugu sortu duten munduaren aukerak eta edukiak.
Stellar Blade Complete Edition
- Argitaratze data: 2025-06-11
- Garatzailea: Shift Up
- Generoa: Akzioa, abentura
- Plataformak: PC, PS5
Stellar Blade hego korearra iaz estreinatu zen PS5ean, baina orain eduki guztiak biltzen dituen edizio bereziarekin iritsiko da PCra. Hobekuntza tekniko ugari ikusiko ditugu ordenagailuetan, kalitate handiagoko testurak nahiz eskalatze sistemak barne.
Borroka ikusgarriak ardatz dituen akzio abentura honek NieR: Automata edo Bayonetta bezalako jokoengandik ikasten du, protagonistaren diseinua ere bide horretatik eramanda. Hori dela-eta, kritika ugari jaso ditu, baina jokagarritasun aldetik itzela dela diote probatu dutenek.
The Alters
- Argitaratze data: 2025-06-13
- Garatzailea: 11 bit studios
- Generoa: Abentura, biziraupena
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Mundu estralurtarrean girotutako beste biziraupen abentura batekin jarraitzen dugu. Zenbait berandutzeren artean dator The Alters interesgarria: Jan Dolski langilean bilakatuko gara planeta arrotz batetik ihes egiteko helburuarekin.
Hori lortzeko baliabideak biltzen ariko gara gure basea hobetzeko asmoarekin… baina jokoak beste zerbait berezia proposatzen digu. Nola biziraungo du, ba, langile xume batek halako egoeraren aurrean? Gure buruaren bertsio alternatiboekin: testuinguru eta ezagutza desberdinak dituzten Jan berriak sortuko ditugu, baina hauen arteko harremanak ere kudeatu beharko dira…
FBC: Firebreak
- Argitaratze data: 2025-06-17
- Garatzailea: Remedy Entertainment
- Generoa: Tiro jokoa, kooperatiboa
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Tiro jokoen hutsa igarri dugu zerrenda prestatzen genbiltzala. Eskerrak Alan Wake, Control edo Max Payne ikaragarrien Remedy estudioa daukagula. Oraingoan Left 4 Dead bezalakoen bidea jarraitzen duen Firebreak interesgarria ekarriko digute: Controlen unibertsoan girotutako tiroketa kooperatiboak proposatuko dizkigu.
Naturaz gaindiko izakien aurka egingo dugu FBCren bulegoetan, denetariko erronkekin topo eginez. Beste bi lagunekin ibil gaitezke misio desberdinak gainditzen eta armak zein ekipamendua hobetzen. Zerbitzu erako jokoa izango den arren, eduki gehigarri interesgarrienak doakoak izango direla agindu digute sortzaileek.
Raidou Remastered: The Mystery of the Soulless Army
- Argitaratze data: 2025-06-19
- Garatzailea: Atlus/Sega
- Generoa: JRPG
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch, Switch 2
Shin Megami Tensei JRPG sagan oinarritutako klasiko baten itzulera biziko dugu egunotan. Jatorriz PlayStation 2 kontsolan estreinatu zen Raidou Kuzunoha maitatuaren lehen abentura nabarmen txukundu dutela dirudi.
Horrela, eguneratutako grafikoak —3D inguruneekin eta guzti— zein interfazea, bikoizketa berria, eta denbora errealeko borroketarako aldaketak eta hobekuntzak ikusiko ditugu 30eko hamarkadako Tokion girotzen den klasikorako.
Rematch
- Argitaratze data: 2025-06-19
- Garatzailea: Sloclap
- Generoa: Kirola
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Sifu maisulanaren egileek joko ikusgarriekin jarraitzen dute… baina generoa zein testuingurua zeharo aldatuta. Arte martzialak alboratu, eta futbol jokoa eskainiko digute Rematch interesgarriarekin.
5vs5 partidu bizkorrak eta dinamikoak biziko ditugu; trikimailu eta jokaldi harrigarriak agintzen dituzte Rocket League ezagunagandik asko ikasi duen obra honetarako.
Death Stranding 2: On the Beach
- Argitaratze data: 2025-06-26
- Garatzailea: Kojima Productions/Sony Interactive Entertainment
- Generoa: Abentura, esplorazioa
- Plataformak: PS5
Hideo Kojima sortzaile japoniarraren estreinaldi berriarekin bukatuko dugu ekaina. Sam Porter Bridges-en mundu eroa zeharkatzeari ekingo diogu berriz Death Stranding arrakastatsuaren jarraipenean: biziraupena, esplorazioa eta akzioa elkartuko ditu On the Beachek, aldi berean istorio zoroa aurkeztuta.
Pertsonaia gehiago, mundu zabalagoa eta orain arte ikusi gabeko erronkak ikusiko ditugula dirudi. Zaila da askoz gehiago azaltzea; beti bezala, Kojimunstroak noraezean utzi gaitu bere bideoekin.
Iruzkinak