Nvidiaren DLSS 2.0 teknologiaren antzeko supersampling funtzioa beteko du, baina AMDren zein Nvidiaren GPUekin erabili ahalko da.

FidelityFX Super Resolution ezaugarriaren inguruko berritasunak eman ditu azkenean AMDk hau iragarri eta urtebete ondoren. Ekainaren 22an helduko da txartel grafikoentzako funtzio hau, eta ez da bakarrik AMDren GPUetara mugatuko.

Ezaugarriaren helburua txartel grafikoen errendimendua hobetzearena izango da supersampligaren bitartez, Nvidiaren DLSS 2.0 funtzioak egin antzeran. Nvidiarenak adimen artifiziala erabiltzen du jokoen bereizmena areagotzeko errendimenduan eragin handirik izan gabe. AMDk irudi bakoitzaren tamaina handitzeko antzeko teknologia erabiltzen duen arren, ez da adimen artifizialean oinarritzen.

FSRa 4K-ko bereizmenera jokatzeko erabilita, berezko 4K-n jokatzerakoan lortu daitekeen errendimendua bikoiztu egiten dela agindu dute arduradunek. Lau kalitate mota desberdin egongo dira: Performance, Balanced, Quality eta Ultra Quality.

 

Azken hau erabilita berezko bereizmenaren berdina den kalitatea lortzen dela diote AMDkoek; Performance kalitateak irudi maila txarrena eskainiko du, baina segundoko irudien tasak sekulako areagotzea jasango dute.

FSRak ez du joko guztietan funtzionatuko, baina: arduradunek prestatu duten webgunean jokalariek beraien obrarik gustokoenak aipatzeko aukera eman dute, ondoren Super Resolutiona gehitzeko hautagaiak aukeratu ahal izateko.

AMDren RX Vega, RX 500, RX 5000 eta RX 6000 txartel grafikoetan erabili ahalko da, baina baita Nvidiaren GPUetan ere. Abiarazten duten unean 100 bat txartelentzako euskarria edukiko duela zehaztu dute arduradunek. DirectX 12, Vulkan eta DirectX 11 APIentzako euskarria edukiko du gainera FSRak, eta kodea irekiko ezaugarria izango da.