Metal Slug bezalako arkadeak gogora ekarriko dituen obra prestatzen ari dira Blastmode eta MP2 Games estudio independenteak.
Irailean arkade jokoen jarraitzaileek ezusteko ederra hartu zuten Mighty Goose abenturarekin. Metal Slug bezalako run & gun jokoek hasitakoa jarraitzeko asmoarekin sortzen ari dira Blastmodeko japoniarrak MP2 Gamesekin elkarlanean, eta trailer berri batekin argitaratze data zehaztu dute orain: ekainaren 5ean kaleratuko dute antzara protagonista duen joko zoro hau.
Galaxian zehar bidaiatu eta Void King zitalaren agindupean dauden izaki maltzurrak harrapatzea izango da antzara mertzenario honen helburu nagusia. Horretarako bi dimentsiotako pixel art koloretsuan kontrolatuko dute jokalariek gelditu gabe tiroka aritzeko. Abenturak jokalarien “abilezia, egokitasuna eta erreflexuak probatu” egingo dituela diote arduradunek, sekretuz betetako mailak zeharkatzen dituzten bitartean.
Etsai nagusi erraldoiak ere azalduko dira antzara akatzeko asmoarekin. Nola ez, horiei aurre egiteko era guztietako arma eta ibilgailu zoroak ikusiko dituzte jokoan, lehen aipatutako arkade jokoetan gertatzen zen modura: lurrean zein airean borrokatu beharko da bizirik jarraitu ahal izateko. Jokatzeko estiloa aldatuko duten txipak agindu dituzte gainera garatzaileek, baita antzarari laguntzeko prestu dauden adiskideak ere.
Guzti hori Dominic Ninmark musikagilearen synth-rock eta jazz-fusion doinuekin girotuta egongo da. Ez da konpositoreak estilo honetako jokoetan lan egiten duen lehen aldia: Moonrider, Blazing Chrome eta Gravity Circuit bezalako obretako soinu bandaz arduratu izan da.
Mighty Goose PC, PS5, PS4, Xbox One eta Switch plataformetan estreinatuko da ekainean.
Iruzkinak