2022ko otsailaren 25ean kaleratuko du From Software-k Dark Souls sagaren oinordekoa.
Elden Ring da zalantzarik gabe datozen hilabeteetan estreinatuko den bideo-jokorik desiratuenetakoa. Ez da gutxiagorako: asko dira From Software estudio japoniarrak jarraitzaileak, eta fantasia iluneko abentura berriaren zain daude. Gutxi falta da kaleratzeko, eta pixkanaka badoaz xehetasun gehiago ematen: The Game Awards sarietan jostagarritasuna alboratu, eta istorioan ardaztu dira.
Ziurrenik jokoa hasteko balioko duen trailer zinematikoa izango dena erakutsi dute gaur goizaldean. Heriotzaren erruna lapurtu dute, eta horren ondorioz erdijainkoak akatzen hasi dira. Elden Ring apurtu egin dute, baina inork ez daki zergatik; horren ondorioz, mundua bera hautsi da.
Elden Lord titulua hartuko duen erdijainko edo gizaki baten zain geratu da mundua. Hori izango da istorioaren abiapuntua; ikusten denez, Dark Soulsekin ikusitakoekin antzekotasun handiak edukiko ditu Elden Ringek. Hori bai, gogoratu beharra dago gidoia idazterakoan George R.R. Martin idazlearekin batu direla oraingoan Hidetaka Miyazaki zuzendaria eta bere taldea; A Song of Fire and Ice sagaren sortzailearekin, hain zuzen ere.
Orain bi urte baino gehiago jokoa aurkezterakoan erakutsi zituzten pertsonaiak agertu dira berriz trailer honetan: Radahn izarren konkistatzailea eta Malenia moztua, adibidez, abenturako etsai nagusiak izango dira ziur asko.
2022ko otsailaren 25ean estreinatuko da Elden Ring. PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan egingo du. Gameplay bideoak ikusteko aukera ez ezik, zaleek bideo-jokora jokatzekoa ere izan dute: orain gutxi beta itxia egin zuten Bandai Namco-koek.
Iruzkinak