Errendimendu arazo nabarmenak ditu FromSoftware-n tituluak ray tracing-a aktibatuz gero kontsoletan zein ordenagailuetan.
Elden Ring sarituak aspalditik iragarritako ezaugarria jaso berri du 1.09 eguneratzearekin: izpien trazadura edo ray tracinga aktiba daiteke dagoeneko 2022ko bideojokorik onenean. Zoritxarrez, hainbat arazorekin iritsi da aukera berria, erabiltzaileak sumintzea lortuta.
Izpien trazadura gogorra izan ohi da errendimenduarentzat: punta-puntako ordenagailuek edo egungo belaunaldiko kontsolek soilik mugi ditzakete jokoak teknologia honekin. Gomendatutako baldintza eguneratuetan, adibidez, i7-10700K prozesadorea eta RTX 3070 Ti grafika aipatzen dira ordenagailuetan.
Elden Ringen, ordea, ikusitako aldaketa grafikoak ez dira horren nabarmenak; hori bai, segundoko irudien tasan sekulako eragina daukate.
Alderaketa irudietan ikus daitekeenez, zuhaitzen hostotzan eta paisaietako elementuen integrazioan ageri dira aldaketa nabarmenenak. Izan ere, erabilitako ray tracinga itzalei eta girotze oklusioari lotutakoa da; ez ditu islak zein argiztapena eraldatzen. Hortaz, izpien trazadura xumeenetakoaren aurrean gaude.
Halako inplementazio eskasak errendimenduan daukan eragina ulertezina da jokalarien komunitatearentzat. PlayStation 5, Xbox Series edo PC, plataformak berdin dio: fps-ak nabarmen murrizten dira.
Gainera, irudien tasari laguntzeko DLSS edo FSR bezalako teknologien falta azpimarratzen dute erabiltzaileek. Elden Ringek orokorrean errendimendu arazoak edukita, horiek konpondu artean —hau noizbait egiten badute, behintzat— errendimendu hobea lortzeko bide erraza dela aldarrikatzeari ekin diote askok.
Ikusteko dago FromSoftwarek nahiz Bandai Namco-k arazooi konponbidea ematen dieten. Momentuz, onena izpien trazadura aktibatu gabe jokatzea da.
Espantsioa, bidean
1.09 adabakiak ez du ray tracinga soilik gehitu: webgune ofizialean era guztietako orekatze txikiak irakur daitezke. Hala ere, Elden Ringen zaleek itxaroten dutena orain aste batzuk iragarritako Shadow of the Erdtree espantsioa da.
Ezer gutxi dakigu eduki gehigarriaren inguruan: garatzaileek erakutsitakoa kalitate handiko marrazkia baino ez da. Horri lotuta, argitaratze data ezezaguna dugu: zaleek itxarotea baino ez dute.
Iruzkinak