Hiru jokalari elkartuko ditu PvE abenturak bizitzeko. Spin-off jokoa dela diote, originalaren istoriotik erabat urrunduz.

Elden Ring sarituak joko berria aurkeztu du. Nightreign azpitituluarekin, kooperatibora bideratutako abentura independentea dela iragarri du FromSoftware estudio japoniarrak.

Hiru lagunek “gauero aldatzen doan mundua” zeharkatu beharko dute, iluntze horretan agertutako etsai nagusia gainditzeko helburuarekin. Agerikoa denez, ohiko soulsborne mekaniketatik urrunduko den jokoa izango da Nightreign; ez hori bakarrik, istorio aldetik ere aparte egongo dela jakinarazi dute egileek, “spin-off titulua izanik”.

Bitarteko Lurrak berriz bisitatuko ditugula dirudi, baina aldaketa esanguratsuekin; toki berriak ere ageri dira iragarpen bideoan. Bitxiena? Dark Souls sagako etsaiak gehitu dituztela: DS3ko izenik gabeko erregea ageri da, adibidez, zerutik hegan.

Kooperatiboa ardatz duen arren, bakarka ere jokatu ahalko dela aurreratu dute japoniarrek —baina ez bikoteka—. Kasu horretan, jokoaren zailtasuna eskalatuko da. Bestelako aldaketak egongo direla ere aipatzen dute arduradunek.

Junya Ishizaki da Elden Ring Nightreignen zuzendaria, Hidetaka Miyazaki-ren ordezkoa hartuta. Adierazi dutenez, George R.R. Martin idazleak ez du parte hartu joko berriaren gidoian.

Elden Ring Nightreign 2025ean kaleratuko da PCan eta PlayStation zein Xbox kontsoletan. Esan bezala, joko independetea dugu; hau da, ez da ER originalaren espantsioa edo eduki gehigarria.