Pertsonaiak, buruzagiak, ingurunea eta gehiago gehituko dizkio abentura kooperatiboari. Abenduaren 4an argitaratuko da PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan.

FromSoftware eta Bandai Namco taldeek Elden Ring Nightreign tituluarentzako eduki gehigarria aurkeztu dute State of Play zuzenekoan. The Forsaken Hollows deitua, askotariko ezaugarriak gaineratzera dator.

Prentsa oharrean zehaztu dutenez, jokatzeko bi Nightfarer protagonista ezagutuko ditugu espantsioan; aurrekoek bezala, berezko itxura, mugimendu eta estatistikak edukiko dituzte gehikuntza berriek.

Kokaleku guztiz berririk bisitatu gabe geratuko gara, baina, espedizoei gatza eta piperra gaineratzeko, orain arte ikusi gabeko lur aldakorra (Shifting Earth) ekintza agertuko zaigu. Nightreignen ibili ez direnentzat, ingurunea eraldatzeko aukera eskaintzen dute lur aldakorrek, partidan zehar ager daitezkeen etsaiak, altxorrak, erronkak eta sekretuak trukatuz.

Bukatzeko, nola ez, arerio eta buruzagi berriak nabarmendu beharra dago, The Forsaken Hollowsek FromSoftwaren jarraitzaileentzako gauza interesgarriak baitakartza. Dark Souls originaleko Artorias zaldunaren aurka ariko gara berriro, besteak beste, baina duelu gehiago aurkeztuko zaizkigu.

Abenduaren 4an argitaratuko da espantsioa; normala denez, Nightreign erosita eduki beharko da jokatzeko.

Maiatz bukaeran estreinatu zen oinarrizko Nightreign, Elden Ring originalaren zaleen artean gatazka eraginda; hots, premisa zeharo aldatzen da, partida multijokalari azkarrak proposatuz. Hala ere, bere jarraitzaile taldea batzea lortu du Nightreignek, Bandai Namcorentzako emaitza ekonomiko baikorrak eskuratuta.

PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da Elden Ring Nightreign The Forsaken Hollows abenduaren 4an.

 

Switch 2ko Elden Ring, datorren urtera

Elden Ring frankizia Bandai Namcoren altxorrean bilakatu da. Hori horrela, Nintendo-ren kontsola berrira eramateko asmoarekin dabiltza iragarri zenetik: Elden Ring originalaren Switch 2ko bertsioa aurten estreinatzea espero zen, baina, azkenean, 2026ra berandutu dute.

“Errendimendua doitzeko denbora gehiago behar dela adostu dugu”, adierazi zuten egileek oharrean. Izan ere, Gamescom azokan eskainitako demoak arazo nabarmenak zituen gailu hibridoan.

Elden Ring Tarnished Edition izenpean merkaturatuko da Switch 2ko bertsioa: besteak beste, Shadow of the Erdtree espantsioa eta eduki estetikoak batuko ditu.