From Software estudioaren abentura berria Dark Souls-en oinordekoa izango da. Azaroaren 12an sareko proba itxia hasiko dute kontsoletan.
Elden Ring desiratuaren berritasunak jasotzen jarraitzen dute From Softwareko japoniarren jarraitzaileek. Gaur bertan trailerra edukiko duela jakinarazi du Hidetaka Miyazaki zuzendariaren taldeak: ordu laurdeneko jostagarritasun bideoa izango da.
15:00etan hasiko dute emanaldia Bandai Namco-ren Twitch eta Youtube kanaletan. Ez dute xehetasun askorik eman, baina japoniarrak oso ohituta daude bideoetan spoilerrak aurreratzera; beraz, abentura ezer jakin gabe hasi nahi izanez gero adi ibili.
Suposatzekoa da azaroaren 12an hasiko duten sareko proba itxian jokalariek ikusiko dutena aurreratuko dutela aurkezpenean. Izen ematea dagoeneko itxi dute; lau egunetan proba desberdinak egingo dituzte, baina kontsoletako jokalarientzat soilik izango da.
Hasiera batean datorren urteko urtarrilerako aurreikusia, orain egun batzuk otsailaren 25era berandutzeko erabakia hartu zuten japoniarrek: “bideo-jokoaren sakontasunak eta askatasun estrategikoak hasiera batean aurreikusitako ezaugarriak gainditu ditu”, adierazi zuten.
Dark Soulsen oinordekoa izango da Elden Ring: arimen eta suaren zikloko istorioa atzean utzi, eta George R. R. Martin idazle ezagunarekin batera prestatutako gidoi guztiz berria edukiko du. Jostagarritasun aldetik Dark Souls hauekin antzekotasun handiak izango dituen arren, mundu irekikoa izango da abentura berria.
Elden Ring PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan estreinatuko da.
Iruzkinak