Kadokawa enpresak finantza txostenean aipatu du titulua. 2023ko otsailean iragarri zuten Dark Souls-en oinordeko arrakastatsuaren espantsioa.

Elden Ringen zaleak ikaragarrizko hutsunea sentitzen dute barnean Shadow of the Erdtree espantsioaren beharrizanagatik, baina, dirudienez, ikusteko itxaron egin beharko dugu oraindik. FromSoftware estudio japoniarra “lanean gogor” ari dela dio Kadokawa enpresa nagusiak, baina “argitaratze datarik gabe” dabiltza oraindik.

Kadokawak argitaratutako azken finantza txostenaren FAQ atalean irakur dezakegu. Hilabete kritikoa da eduki gehigarriarentzat; izan ere, orain urtebete iragarri zuten, Elden Ring originalaren urteurrenean, hain zuzen ere.

Zaleek hilabete bukaeran iragarpenen bat espero dute, zelan ez, baina jokalari askok ustekabean Shadow of the Erdtree kaleratuko zutela amesten zuten. Zoritxarrez, Hidetaka Miyazaki zuzendariak badu ezustekorik prestatu, ez dugu halakorik ikusiko.

FromSoftwaren aurreko jokoetako eduki gehigarriak ezagututa, Elden Ringek espantsio erraldoia jasoko duela aurreratzen dute askok: Dark Souls trilogiako DLCak edo Bloodborne-n The Old Hunters benetan maitatuak dira komunitatearen artean, askorentzat obra originalak gaindituz, edo, gutxienez, hauen esperientzia zeharo hobetuz.

Hala eta guztiz ere, oraindik ez dakigu ezer bere premisari edo testuinguruari buruz. Shadow of the Erdtreeren iragarpenak irudi bakarra utzi zigun: usteldutako Erdtree zuhaitza ageri da bertan, neska gaztea dirudien —Marika edo Miquella izan daiteke?— pertsona Torrent gainean honengana hurbiltzen azalduz.

Otsailaren 25ean bigarren urteurrena ospatuko du Elden Ringek. Agian ez dugu Shadow of the Erdtree jasoko, baina Miyazakik eta bere taldeak iragarpen bideoa eskainiko digute, auskalo.

2022an argitaratu genuen analisian gauza ederrak esan genituen FromSoftwaren bideojokoari buruz:

Aurreko titulu guztiekin lortu zutenaren emaitza da Elden Ring: obra bakoitzaren elementurik onenak hartu, eta behin betiko Soulsborne jokoa sortu dute azken obra honekin.

 

Elden Ring, mugikorretan?

Bitarteko lurren zurrumurruak ere heldu zaizkigu egunotan. Reuters-en arabera Tencent txinatar erraldoia Elden Ringen gailu mugikorretarako bertsioa prestatzen dabil.

Ez litzateke, itxura batean, joko originalaren port hutsa izango: ordainpeko elementuak bilduko lituzkeen doako bertsioa garatzen dabiltza. Genshin Impact-ekin antzekotasunak izango dituela diote, beraz armadurak, armak edo magiak ordainsari bezala irabazteko gacha funtzioak izan ditzake, adibidez.

Iturriak dioenez, Tencentek 2022an erosi zituen Elden Ringen eskubideak, baina garapena “geldo” doa, eta oraindik prototipoa baino ez dute eratu.