Oinarrizko jokoa Shadow of the Erdtree espantsioarekin batera jasoko dute Nintendo-ren gailuko jokalariek. Tarnished Pack DLCa plataforma guztietara helduko da.
Bandai Namco argitaletxeak eta FromSoftware estudioak Elden Ringen Switch 2ko bertsioaren kaleratze data zehaztu dute. Tarnished Edition bertsioa abuztuaren 28an argitaratuko da Nintendoren hibridoan.
Berandutzearen ostean zehaztu dute azkenik eguna: pasa den urrian “errendimendua doitzeko denbora gehiago” eskatu zuten, Switch 2ko bertsioa 2025ean estreinatuko asmoa eduki baitzuten hasiera batean. Izan ere, azoka eta probaldi desberdinetan aritu zirenek errendimendu arazo nabarmenak salatu zituzten port-arentzat.
Horiek zuzendu dituztela dirudi, eta, gainera, Elden Ring originala ez da bakarrik helduko nintendozaleengana: Shadow of the Erdtree espantsioa biltzen du Tarnished Editionak. Hau da, 2021. urteko abentura erraldoi originala 2024an kaleratutako eduki gehigarri ikaragarriarekin batera jasoko dute erabiltzaile berriek.
Hainbat berritasun txiki ere agindu dituzte japoniarrek: arma, armadura eta Torrent zaldiarentzako itxura aukera berriak datoz Switch 2ko bertsioarekin. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetako erabiltzaileek ere jasoko dituzte Tarnished Pack DLCaren bitartez: ordainpeko edukia izango dela dirudi.
Abuztuaren 28an ikusiko dugu Elden Ring Tarnished Edition Switch 2an.
Duskbloods-en zain
Elden Ring ez da Switch 2an ikusiko dugun bideojoko bakarra FromSoftwaren eskutik.
Egun The Duskbloods multijokalari titulua garatzen dabiltza esklusiboki Nintendoren kontsolarako: iragarri zutenetik ez dute ezer gehiago erakutsi, baina, Kadokawa FromSoftwaren enpresa nagusiak 2026an kaleratzeko asmoa daukatela berretsi zuen azken finantza txostenean.
Lander Unzueta
Iruzkinak