FromSoftware-ko japoniarren obra berria PlayStation eta Xbox kontsoletan zein PC-an estreinatu da.
Urteko bideojokoa izaten ari da askorentzat, eta bere salmentek argi utzi dute: Elden Ring bikainak 12 milioi ale saldu dituela baieztatu du Bandai Namco enpresa japoniarrak.
Zabaldutako prentsa oharrean Dark Souls-en oinordekoak lortutako arrakastagatik harro agertu dira arduradunak. Hidetaka Miyazaki bideojokoaren zuzendaria “zur eta lur” geratu da Elden Ringen jokatzen ari den zale kopurua ikusita. Yasuo Miyakawa Bandai Namcoko presidentea pozik agertu da halako jokoa FromSoftwarekin eta George R.R. Martin idazlearekin batera garatu ahal izateagatik.
Lehenengo Dark Souls-ek 12 milioietara iristeko bost urte inguru behar izan zituen; Dark Souls III estreinatu ondoren iritsi zen zifra horretara. Hirugarren atalak 10 milioi salmenta lortu ditu; Sekiro: Shadows Die Twice bikainak, bost; azkenik, PlayStation 4-an esklusiboki estreinatutako Bloodborne-k bi milioi ale saldu ditu.
Elden Ring hainbat plataformatan estreinatu behar dela gogoratu beharra dago: otsailaren 25ean PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletara nahiz ordenagailuetara iritsi zen. Azaroan akziodunen artean zabaldutako txosten batean, lehen hilabetean Elden Ringek lau milioi ale saltzea aurreikusten zuten Bandai Namcokoek.
Plataformako salmentak zabaldu ditu GamesIndustry agerkariak. PCko bertsioa da gehien saldu dena momentuz, salmentek % 44 lortuta. PS5eko bertsioa du atzetik, % 27 batekin. Xbox kontsoletan salmenta guztien % 17 banatu da. Azkenik, PS4an salmenten % 13 lortu du fantasiazko tituluak.
Sekulako zifrak lortu arren, errendimendu arazoekin jarraitzen du FromSoftwaren obrak. Horiek zuzentzeko lanean dabiltzala diote, baina argitaratu zenetik ia hilabete pasa ondoren ezer gutxi egin dute oraindik.
Elden Ring PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan eskura daiteke.
Iruzkinak