From Software-k eta Bandai Namco-k datorren urte hasieran kaleratuko duten abenturari buruzko xehetasun teknikoak zehaztu dituzte.

Elden Ringen arduradunek jakitera eman dutenez, fantasia iluneko bideo-jokoak raytracing ezaugarria jasoko du. Adabaki baten bitartez jasoko dute berezitasun hau PCko, PlayStation 5eko eta Xbox Seriesetako bertsioek; hori bai, eguneraketa aipatzen dutenez suposatzekoa da ez dutela argitaratzerakoan edukiko.

Xehetasun teknikoen berri emateko blogeko sarrera prestatu dute Bandai Namcoren webgunean. Izpien trazadurarekin batera, bertsio bakoitzaren atal teknikoa zehazteari ekin diote arduradunek.

PCan Elden Ringek segundoko 60 irudiko tasara funtzionatuko du. 4K bereizmenera helduko da gainera, 3840 x 2160p-tara funtzionatuta ordenagailua gai baldin bada, eta HDR pantailentzako euskarria edukiko du.

PlayStation kontsolen kasuan, PS4-an 1080p-ko bereizmenera jokatu ahalko da; 1800p-ko bereizmenean PS4 Pro-an; azkenik, PS5-a, PCa bezala, 4K-tara iritsiko da. PS4aren bi bertsioek 30fps-tara funtzionatuko dute, baina Sony-ren belaunaldi berriko kontsolak 60fps-tara mugituko du From Softwaren abentura berria. PlayStationen kontsola guztiek izango dute HDRarentzako euskarria

Antzeko moduan azaldu dituzte Xbox kontsolen arteko bertsioen desberdintasunak. Xbox One arruntak zein Xbox One X kontsolek 30fps-tara abiaraziko dute Elden Ring: lehenengoaren kasuan 900p bereizmenera mugituko du jokoa; XBX-ak, bestalde, 4K-ra funtzionaraziko du.

Xbox Series kontsolek segundoko 60 irudiko tasara ibiliko dute fantasiazko obra. Series S-aren kasuan, 1440p-tara funtzionatuko du, eta Series X-k, nola ez, 4K-tara mugituko du. XBX-k, Series Sak zein Series Xak jasoko dute HDR pantailentzako euskarria.

Kontsoletako bertsioek zer moduz funtzionatzen duten ikusteko aukera egongo da etzi abiaraziko duten beta itxian; PCko bertsioa kanpoan geratu da. Halere, ez da askorik falta behin betiko jokoa ikusteko: 2022ko otsailaren 25ean estreinatuko da aipatutako plataforma guztietan, berandutze txikia jasan ondoren.

Orain gutxi aurkeztu zuten From Softwarekoek Elden Ringen lehen jostagarritasun bideoa. Ordu laurdeneko iraupenarekin, jokoaren oinarrizko mekanikak ezagutzera eman zituzten trailer ikusgarriarekin.