The Lands Between izeneko kokalekua zeharkatu beharko da jokoan Tarnished bezala ezagutzen den pertsonaia kontrolatuta.
Pasa den asteko, eta urteko, albisteetako bat izan zen. From Software estudioaren Elden Ring datorren urteko urtarrilaren 21ean estreinatuko da. Summer Game Fest ekimenean aurkeztutako trailerrarekin eman zuten berria, eta orain Hidetaka Miyazaki zuzendariak jokoaren lehen xehetasunak aipatzeko aprobetxatu du.
Garatzaile berberaren Dark Souls saga ospetsuan ikusitako antzeko mekanikak edukiko ditu Elden Ringek: borroka latzak, fantasia iluna eta misterioz betetako gidoia izango dira bere ardatzak, baina horietan sakontzeari ekin dio Miyazakik.
George R.R. Martin idazlearekin batera eratutako mundua The Lands Between deituko da, “Erdiko lurraldeak”. Miyazakik aitortu duenez, Game of Thronesen idazlearen ideia izan zen izen hori. Bideoan ikus daitekeen modura aniztasun handiko kokalekuetan banatuta egongo da: ohiko gotorleku, katakonba eta nola ez, lurralde zingiratsuak aurkituko dituzte hemen abenturazaleek. Guztira sei gune handi egongo dira, eta bakoitza erdijainko baten agindupean aurkituko da. Horiek guneetako ziega nagusietan aurkituko dira, baina bigarren mailako tenplu eta bestelakoak ere egongo dira mapatik sakabanatuta.
Askatasuna izango da Elden Ringen ardatzetako bat, eta gune bakoitzera edozein unetan joateko aukera edukiko du protagonistak. Zailtasun mailak, baina, zehaztuko du gutxi gorabehera jarraitu beharreko ordena: “jokalarientzat erraza izango da zeintzuk izango diren lehendabizi gainditu beharko direnak zailtasunaren arabera”, dio Miyazakik.
Abenturak 30 orduko iraupena edukiko duela aldarrikatu du bestalde. Ohi bezala amaiera desberdinak lortuko dira istorioan hartutako erabakien arabera, eta jokoa hasi aurretik pertsonaia propioa sortzeko aukera emango dute From Softwarekoek.
Era guztietako armak bilduko ditu Tarnished (Argibako) modura izendatu duten protagonistak. Dark Soulsetan ikusi bezala ezpatak, aizkorak, arkuak, lantzak eta Erdi Aroko beste hainbat tresna erabili ahalko ditu. Horren harira, DSko hirugarren atalean ikusi modura eraso bereziak erabiltzeko aukera egongo da. 100 bat aipatu ditu zuzendariak; horietatik asko armen artean partekatuko dira.
Multijokalari berezia prestatzen ari dira beste batez Sekiro: Shadows Die Twicen alboratu ondoren. Elden Ringen oraindik zehaztu gabeko abenturazale kopurua batera ibili ahalko da mundua esploratzen eta etsai nagusiak akatzen, Dark Soulsetan gertatu bezala. Munduan zehar idatzita uzteko mezuak itzuliko dira baita: jokalariek aurkitutako erronkak (edo beste edozein kontu) adierazi ahalko dizkiete gainerako erabiltzaileei. Hori bai, lagunekin ibiltzerakoan ezingo da zaldi gainean mundua zeharkatu.
Esan bezala, Elden Ring 2022ko urtarrilaren 21ean merkaturatuko du From Softwarek; Miyazakik ez dauka zalantza handirik, eta ordurako prest edukiko dutela adierazi du. PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan estreinatuko da.
Iruzkinak