Respawn Entertainment taldetik 100 bat garatzaile kanporatu dituzte. Titanfall sagako joko berria bertan behera geratu da.

Electronic Arts enpresak kaleratzeen txanda berria aditzera eman du. Kanporatuko dituzten langileen kopurua guztiz zehaztu gabe badago ere, 300 eta 400 garatzaile artean kaleratuko ditu.

Ohi bezala, enpresaren antolakuntza berregokitzea edo berregituratzea aipatzen da Justin Higgs bozeramaileak zabaldutako prentsa ohar ofizialean: “Epe luzerako lehentasun estrategikoekiko fokuratze ahaleginen baitan, gure erakundean taldeak modu eraginkorragoan lerrokatzeko eta etorkizuneko hazkunderako baliabideak bideratzeko aldaketak bideratu ditugu”.

Kaleratutako langileetatik 100 bat Respawn Entertainment estudiokoak dira. Baieztatu dutenez, esku artean zeuzkaten bi proiektu bertan behera geratu dira: bata ezezaguna da —urte hasieran alboratu zuten—, baina bestea Titanfall sagan girotutako ateratze tiro joko (extraction shooter) titulua omen da.

Diotenez, Respawnekoek euren bi frankizia handietan fokuratuko dira etorkizunean; hau da, Apex Legends eta Star Wars Jedi sagetako bideojokoetan are gehiago sakontzeko asmoa dute.

Codemasters taldeak, bere aldetik, rally lasterketa jokoen etenaldia iragarri du. Argitaratu zuten azkena 2003ko EA Sports WRC izan zen, 2021ean EAk estudio britainarra bereganatu ondoren. Gaur egun F1 markako bideojokoak sortzen dituzte.

Duela urtebete baino gehiago 670 langile kanporatuko zituela iragarri zuen EAk. Bideojokoen industriari begira jarrita, dagoeneko 2.200 garatzaile inguru kaleratu dituzte 2025ean. EArena izan da txandarik handiena, baina aurretik Ubisoft, Sony, Tencent edo Bandai Namco bezalako erraldoiek iragarri dituzte kanporatzeak, beste askoren artean.