2026ko udaberrian gauzatuko dute bereganatzea. Andrew Wilson EAko zuzendariak eman du albistea: kargua mantentzen jarraituko du.

Electronic Arts enpresa estatubatuarrak prentsa ohar baten bidez jakitera eman duenez, inbertitzaile batek erosi du. Saudi Arabiako inbertsio funts publikoak, Silver Lake-k eta Affinity Partners-ek 55.000 milioi dolarren truke bereganatu du EA Sports FC, The Sims, Battlefield edo Apex Legends marken jabea.

Ordaindutakoarekin enpresaren % 100 erosi dute; hau da, akzioko 210 dolar ordaindu du inbestitzaileen konglomeratuak. Hori horrela, estilo honetako erosketarik garestiena da negozioen munduan, bideojokoenean, zein orokorrean.

Mohammed bin Salman printzea da Saudi Arabiako inbertsio funts publikoaren (PIF) arduradun nagusia. Savvy Games Group-en atzean ere badago: urte hasieran Niantic eta bere bideojokoak bereganatu zuen taldea, hain zuzen. SNK Playmore ere erosi zuen iaz; gainera, Take-Two, Nintendo, Capcom edo Nexon enpresetan dirua jarri du.

Onura ekonomikoez gain, Saudi Arabiako erregimena zuritzeko erabiltzen ditu bideojokoak: Assassin’s Creed Mirage-n Al-Ula DLCa da horren adibideetako bat.

Silver Lake, bestalde, teknologiaren industriako inbertsio funtsa da; bukatzeko, Affinity Partners Jared Kushner-ek —Donald Trump-en suhia— orain gutxi sortutako enpresa da.

Electronic Artsen zuzendaritza batzordeak erosketa onartuta, datorren urteko udaberri aldera burutzea aurreikusten da; hau da, 2027 urte fiskaleko lehen hiruhilekoan.

Andrew Wilson EAko zuzendariak kargua mantenduko du: itxura batean, ez da aldaketa handirik egongo enpresaren organigraman. Wilsonen adierazpenak CEOen ohikoak izan dira: “Eraikitzen dabiltzan etorkizunarekin gogoberotuta” daudela dio.