Emulatzaileen kudeatzaileak Pegasus interfazea jaso du, baita emulatzaile berriak gehitu ere.
EmuDeck aplikazioa tresnarik aproposena da, zalantzarik gabe, Steam Deck eskuko PCaren bidez emulatzaileen munduan barneratu nahi duen ororentzat —beste hainbat gailutan ere erabil daiteke!—. Atzean daukan garatzaileen komunitateak 2.2 bertsioa argitaratu berri du: interfazeen eguneratzea zein komunitatearen diseinuak inplementatzen dizkio, besteak beste.
Hori horrela, aplikazioaren itxura osorik eraberritu dute arduradunek. Aurreko diseinua zaharkituta zegoenez, eskertzekoa da nabigazioa errazten duen menu berria ikustea. Atal desberdinak modu sinpleagoan eta erabilerrazagoan banatu dituzte orain: aukera azkarrak, emulatzaileen kudeaketa, berrabiaratzeak eta askoz gehiago ezkerreko menu azkarrean aurkituko ditugu.
Ez da, baina, EmuDeckek jasotako berritasun bakarra. Erabiltzaileek ondo jakingo dutenez, gure emulatzaileetako jokoak hainbat modutan aurkezteko bideak eskaintzen dizkigu erreminta honek: EmulationStation interfazean bil ditzakegu, edo, bestela, Steam plataforman integratu, joko ofizialen itxura emanda.
Horiei hirugarren aukera gaineratzen die 2.2 adabakiak: Pegasus izeneko kode irekiko azala erabil dezakegu orain. Onena? Komunitateari interfazeak diseinatzea eta partekatzea ahalbidetzen dion tresna ikaragarria dela: hemen ikus daitezke erabiltzaileek sortutako diseinuak. Esaterako, Wii edo Switch kontsoletako interfazeen itxura gehitzeko aukera eskaintzen digute.
Steam Rom Manager programarentzako itxura zaharberritua da, bukatzeko, diseinu aldetik ikusiko dugun azken eguneraketa. Emulatzaileetako jokoak Steamen integratzeko ezinbesteko tresna honek estetika modernoa dauka orain, funtzio guztiak mantentzen dituen bitartean.
Agur, Yuzu eta Citra
Berritasunekin jarraituz, emulatzaile berriak inplementatu dituzte EmuDecken: Flycast, BigPemu, Model 2 eta Model 3 tresnak aurkituko ditugu orain.
Zoritxarrez, komunitatearen artean horren garrantzitsuak ziren bi emulatzaile desagertu dira. Yuzuri eta Citrari buruz gabiltza: Nintendok Tropic Haze arduradun taldea salatu zuen, eta 2,4 milioi dolarretako akordioaren ostean, emulatzaileok ezabatu dituzte.
EmuDecekoak honen inguruan mintzatu dira, dena den. Emulatzaileak euren programatik ezabatu dituzten arren, aurretik jaitsita izanez gero, erabiltzen jarraitzeko aukera edukiko duzu.
Denetariko erremintak eta laguntzak
EmuDeck emulatzaileak instalatzen eta kudeatzen laguntzeko tresna dela aipatu dugu; hala ere, hori baino askoz gehiago da.
Hainbat erreminta biltzen ditu bere barnean. Adibidez, ROM edo ISO fitxategiak konprimatzeko bide erraza da, hauek hartzen duten lekua murriztuz; gainera, Retro Achievements zerbitzua integratuta dauka RetroArch edo PlayStation kontsolen emulatzaileetan lorpenez gozatu ahal izateko; are gehiago, emulatzaileetako gordetako partidak lainora igotzeko zerbitzua eskaintzen du.
Ikustekoa den modura, komunitateak bakarrik sor eta kudea dezakeen programa zoragarri horietakoa da EmuDeck.
Iruzkinak