Fireplace Games estudioaren lana ikasleen proiektu gisa abiatu zen. Steam bidez kaleratuko dute PC-an.
Mosketariak, ezpatak, hiri koloretsua, umorea eta zaindari doilorrak uztartuko dituen En Garde! itxurosoa abuztuaren 16an estreinatuko dela baieztatu dute tituluaren arduradunek.
Adalia de Volador deitutako mosketaria, abenturazalea eta heroia izango da bideojokoko protagonista: berarekin konde-duke zitalaren tiraniari aurre egingo diogu hiria askatzeko.
Sifu bezalako lanak gogora ekarriko dituen jokagarritasuna aurkezten du En Garde!-k: duelu bizietan murgilduko gara ezpata eskuan hartuta, baina mugimendu azkarrak, erreflexuak eta ingurunearen kudeaketa ezinbestekoak izango dira hauetatik garaile ateratzeko.
Horrela, bideojokoak kontraerasoak, saihesteak edo ostikoak erabiltzea eskatuko digu dozena erdi arerio aldi berean garaitu ahal izateko; gainera, adaliaren trebezia gakoa izango da, jauzika eta itzulipurdika ibili ahalko baita kolpeak ekiditeko. Borrokalekuetatik sakabanatutako ontziak, armategiak, aulkiak eta bestelakoak erabiltzen ikasi beharko dugu, etsaiak errazago akatzeko lagungarriak izango baitira.
Estetika errealistarekin baina estilizatuarekin, kolorez betetako lekuak zeharkatuko ditugu gure abenturan: Venezia gogorarazten duen hiriko kanalak, plazak, gazteluak, estoldak nahiz espetxeak bisitatuko ditu Adaliak. Umorea ere nagusi izango da, uneoro txantxak eta momentu komikoak bizita.
Borroka sena zorrozteko hondar modalitatean joka dezakegu: duelu arruntekin batera hauek eraldatzeko aukerak edukiko ditugu. Fireplace Gameseko garatzaileek denetariko egoera zoroak prestatu nahi izan dituzte, modu horretara.
En Garde! proiektu txikia izan zen bere hastapenetan: ikasle talde batek abiatutako proba baino ez zen. Halere, honen potentzialaz jabetu, eta garapenarekin jarraitzea erabaki zuten, bideojokoa handituz zein hobetuz eta jokalarien begirada guztiak erakarriz.
Egungo bertsioa orain hilabete aurkeztu zuten udako aurkezpenen baitan; zehazki, Future Games Show zuzenekoan iragarri zen. Steam Next Fest demo jaialdian ere parte hartu zuten Fireplacekoek doako probarekin: Game Erauntsiatik hau probatzeko aukera izan genuen, eta, egia esan, ikaragarrizko itxura daukala irizten dugu.
Esan bezala, En Garde! abuztuaren 16an kaleratuko da. Oraingoz Steam plataforman soilik jokatu ahalko dugu.
Iruzkinak