Ender Lilies apartaren jarraipena burutu du Binary Haze indie taldeak. PlayStation, Switch, Xbox zein PC plataformetan jokatu ahalko da.
Binary Haze estudioak Ender Magnolia: Bloom in the Mist irrikatuaren argitaratze data zehaztu du: ostegunean, urtarrilaren 23an, helduko da metroidvania titulu berezia kontsoletara nahiz ordenagailura.
Kaleratzea ospatzeko jokoaren azken trailerra zabaldu dute egileek. Magia eta aztikeria zutabetzat dituen mundura bidaiatuko dugu Ender Lilies maitatuaren jarraipenean: beste behin, homunkulo deitutako izaki artifizialen laguntza jasoko dugu erronkei aurre egiterakoan.
2D estetikarekin nahiz jokagarritasunarekin, metroidvania azpigeneroaren ohiko ardatzak bereganatzen ditu Ender Magnoliak: esplorazioa, plataformak eta borrokak ikusiko ditugu nonahi. Berezitasuna, baina, abilezia moten aldetik dator; izan ere, gure pertsonaiak ekintza gehienak laguntza eskatutako homunkuloen bidez gauzatuko ditu. 30 bat abilezia aipatzen dituzte garatzaileek.
Istorio sakon bezain misteriotsua, ezagutzeko pertsonaia mordoa eta atal grafiko ederra agintzen ditu, baita, Ender Magnoliak.
Aste honetan estreinatuko bada ere, proposamena bikaina izango dela jakin badakigu: sarbide goiztiarrean darama jokoak, PCko bertsioan, iazko martxotik. Steam plataforman ikus dezakegunez, jokatu dutenek sekulako iritziak utzi dituzte saltokiaren analisien zerbitzuan. 2021ean merkaturatutako Ender Liliesen bidea jarraituko duela dirudi, beraz: lehen jokoak ere aparteko balorazioak eskuratu zituen.
PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta PC plataformetan ikusiko dugu Ender Magnolia: Bloom in the Mist ostegun honetan.
Iruzkinak