Dodge Roll taldeak palanka bikoitzeko roguelike apartaren jarraipena aurkeztu du. Switch 2an zein PCan jokatu ahalko da 2026an.
Nintendo Switch 2aren aurkezpenetik igaro da Dodge Roll taldea proiektu berria aurkezteko. Enter the Gungeon 2rekin hiru dimentsioetara jauzi egingo dute.
Arma eroak, itzulipurdiak eta bullet hell estiloko tiroen zaparrada roguelike mekanikekin uztartzen dituen 2016ko maisulanaren jarraipen zuzena dugu bigarrena. 2019an, bestalde, Exit the Gungeon argitaratu zuten, partidak plano bidimentsionalera eramanda mekanikak pixkat aldatuz.
Bullet kin bala txikiez osatutako arerio erraldoia ikus dezakegu iragarpen trailerrean. Laserrak eta balak saihesten ariko gara, ohiko ikuspegi isometrikoa mantenduz, baina trebeak izan beharko gara, tiroak alde guztietatik baitatoz.
Prentsa oharrarekin argitaratutako irudietan, bestalde, lehen jokoko Gatling Gull buruzagia ageri da, oraingoan, hiru dimentsioetan. Hondatutako gungeon ziega esploratu beharko dugula diote egileek, gungeoneer esploratzaile “berriak zein ezagunak” kontrolatuz.
Switch 2 kontsolarako nahiz PCrako iragarri dute, oraingoz, Enter the Gungeon 2. 2026an merkaturatzeko asmoa agertu du Dodge Rollek.
Iruzkinak