Palanka bikoitzeko tiro joko izugarriaren jatorrizko bertsioa 2016an argitaratu zen. Exit the Gungeon jarraipena ere berrargitaratuko dute.
Devolver Digital eta Dodge Roll taldeek Enter the Gungeon sarituaren mugikorretako bertsioa iragarri dute. Android zein iOS gailuetara iritsiko da “laster”.
Ukipen pantailetarako moldatutako port-a ikusiko dugu mugikorretan. Nola funtzionatzen duen ikusi beharko da, EtG zailtasun handiko palanka bikoitzeko tiro jokoa baita: ehundaka eraso saihesten ariko gara gure arma eroekin bueltan tirokatzen dugun bitartean. Dena den, agintearekin jokatzeko aukera ere eskainiko digute.
2016an estreinatu zen PCan, ondoren kontsoletako bertsio desberdinak jasoz. Berritasunak ikusiko ditugu portekin batera: aspaldiko bertsioetan tokiko kooperatiboan soilik joka genezakeen lagunekin batera, baina mugikorretan online multijokalaria gaineratuko dute. Itxura eta arma berriak ere datoz: Cult of the Lamb-eko protagonistarekin joka dezakegu, berezko abileziak erabilita.
Jarraipena mugikorretara itzuliko dela jakinarazi dute Devolverrekoek, gainera: Exit the Gungeon ere Androiden zein iOSen ikusiko dugu. Proposamena pixkat aldatuta, plano bidimentsionalean kokatu, eta arkade saio motzagoak biziko ditugu, saihesteekin batera plataforma atalak indartuta.
Jatorriz Apple-n gailuetarako esklusiboa zen Exit the Gungeon; hots, 2019an Apple Arcade plataforman estreinatu zen bideojokoa. PC eta Switch gailuetara eraman zuten beranduago, eta azkenean PlayStation 4 nahiz Xbox One kontsoletan ere jokatu genuen.. Ordutik hona mugikorretatik desagertuta ibili denez, berrargitalpen handia prestatu gura dute oraingoan.
Enter The Gungeon: House of the Gundead arkade makinarekin frankizia lehen pertsonako ikuspegiarekin eskaini zuten, errail gaineko tiro jokoa eratuta.
Enter the Gungeon + Exit the Gungeon bikotea laster estreinatuko da Android eta iOS gailuetan.
Enter the Gungeon 2, abian
Dodge Rollek Enter the Gungeon 2 iragarri zuen apirilean, Nintendo Switch 2 kontsolaren aurkezpen ofizialean. Ez dago xehetasun handirik, baina joko originalaren premisa eta jokagarritasuna errepikatuko dituztela dirudi, oraingoan atal grafikoa hiru dimentsioetan eratuta.
2026an estreinatuko da Enter the Gungeon 2: oraingoz Switch 2 zein PC plataformetarako kaleratuko dute.
Iruzkinak