Fortnite-n irabaziak nabarmen jaitsi direla diote: “Irabazten duguna baino gehiago xahutzen dugu”.

Epic Games enpresak kaleratze masiboak iragarri ditu. 1.000 langile baino gehiago kanporatzeko asmoa iragarri du enpresatik zabaldutako barne mezuan.

Tim Sweeney Epiceko arduradun nagusiak publikoki argitaratu duen testuan “Fortniten gainbehera” aipatzen da: “2025ean hasitako Fortniten erabiltzaileen gainbeherak irabazten duguna baino nabarmen gehiago xahutzen dugula ekarri du”, dio. Horren ondorioz, “konpainia finantzatuta jarraitzeko murrizketa handiak” egin behar dituztela azpimarratu du.

Kaleratzeak, Sweeneyren aburuz, “ez daude adimen artifizialari lotuta”: langileen eta industriaren artean zalantza handiak eragingo dituen aipua. Fortnite “munduko jokorik arrakastatsuenetakoa” dela dioen arren, “Fortniten magia iraunkorra denboraldi bakoitzarekin eskaintzen jarraitzea erronka” dela azaldu du.

Azken egunotan mikroerosketetan aldaketa handiak iragarri dituztela aipatu beharra dago: V-Bucks monetaren prezioa nabarmen areagotu dute,"fakturak ordaintzeko lagungarria" izango dela aldarrikatuz.

Fortniten egungo egoera nabarmen eraldatu da. Dagoeneko ez da battle royale bideojoko hutsa, dozenaka bideojoko, editore eta proposamen biltzen dituen plataforma baizik. Transformazioa, itxura batean, ez da aurreikusitakoa bezalako arrakastatsua.

Enpresaren lantaldearen % 20 inguru kanporatuko dute, beraz. Kaleratzeekin batera, 500 milioi dolar aurreztera bideratzeko kontratu eta marketing aldaketak burutuko omen dituzte.

Sweeneyk Fortnitekin lanen jarraitzeko asmoa aldarrikatu du. “Fortnite esperientzia ikaragarriak eraikitzea denboraldikako edukiekin, jokagarritasunarekin, istorioekin eta zuzeneko ekimenekin”, hori da helburua, aldi berean, “garatzaileentzako tresnak garatuz Unreal Engine 5etik eta UEFNtik Unreal Engine 6ra eboluzionatuz”.

Berri benetan kezkagarriak eta kolpe gogorra industriarentzat. Kaleratutako langileei laguntzak eskainiko dizkiotela dio Epiceko arduradunak, baina azken urteotan geroz eta kanporatze gehiago ikusten gabiltzala ezagututa, egoera larrian bizi da industria: Epiceko 1.000 langileei 2026an kaleratutako beste 1.500 garatzaile gehitu behar zaizkie. Iaz 5.300 bat kaleratze ikusi genituen.

Ez da, gainera, Epicek langile kopuru handia kanpora botatzen duen lehen aldia: 2023an 830 bat langile kaleratu zituen. Bitartean, Sweeney munduko pertsona aberatsenetakoa da.