Embracer Group taldearekin garatuko dute PC-rako zein kontsoletarako.

Eraztunen Jaunak bideojoko berria izango du. Amazonek jakitera eman duenez, Boterearen Eraztunak telesailaren ostean J.R.R. Tolkien idazleak sortutako unibertsoak girotutako MMO abentura sortuko dute. Ez hori bakarrik, doako jokoa izango dela ezagutarazi du talde erraldoiak.

Izenik aditzera eman gabe, jokoak hartuko dituen Erdialdeko Lurraldeetako guneen xehetasunak ere azpimarratu barik utzi dituzte arduradunek. Ezagutzen dugun bakarra garatzailea da: Amazon Games Orange County estudioaren esku egongo da.

Ez da harritzekoa, garatzaile taldeak MMO abenturak garatzen esperientzia baitu: Orange County da 2021ean estreinatutako New World tituluaren sortzailea. Horrez gain, Embracer Group taldearekin batu dira —THQ Nordic, Crystal Dynamics edo Eidos Montreal bezalako estudioen jabeak— bideojokoa garatzeko.

Aipatutako xehetasunen artean Erdialdeko Lurraldeen “ikuspegi freskoa” eskaintzearena aurkitzen da. Argi dagoenez, ez ditugu Peter Jackson zuzendariaren filmeetako diseinuak edo estetika ikusiko. Itxaron egin beharko dugu Boterearen Eraztunak serierako prestatutakoak erabiliko dituzten jakiteko.

Gauza bera gertatzen da argitaratze datarekin. Garapen prozesuko lehen faseetan egonda, arduradunek ez dute argitalpen egunik aipatu gura izan.

 

Eraztunen Jauna, bogan berriro

Telesailarekin batera, argi dago hobbit-en, elfoen zein gizakien istorioetara itzultzen gabiltzala bideojokoetan. Datorren astean, adibidez, The Lord of the Rings: Gollum bitxia kaleratuko da hainbat plataformetan.

Return to Moria izeneko biziraupen bideojokoa ere ezagutu genuen orain ia urtebete. Free Range Games taldearen abentura 2023ko udaberrirako iragarri bazen ere, oraingoz argitaratu gabe jarraitzen du. Epic Games Store saltokian “laster” merkaturatuko dela adierazten jarraitzen dute.

Ezin gaitezke ahaztu, zelan ez, Monolith Productions eta Warner Bros Games taldeek garatutako Middle-earth: Shadow of Mordor zein Shadow of War ikusgarriez.

MMOen arloan aspaldi ez dugula ikusten Eraztunen Jaunan girotutako lanik. Halere, The Lord of the Rings Online izugarriak ehundaka jokalari batzen jarraitzen du argitaratu eta hamasei urtera.