Atzo estreinatu zen, zerbitzariak kolapsatuta. Steam plataforma digitaleko bigarren lanik jokatuena izan zen, eta aldi bereko jokalari gehien bildu dituen bosgarrena.

Amazon Game Studios-ek garatutako New World MMORPG abenturak aurreikusitako emaitza guztiak hautsi ditu bere estreinaldian, 707.230 jokalari bilduta bere zerbitzarietan, SteamDB webgunearen arabera.

Multijokalari masiboa Valve-n Steam plataforman kaleratu zuten, eta lortutako jende kopuruarekin saltokiko bigarren lanik jokatuena izan zen, betiereko Counter-Strike: Global Offensive-n atzetik. Ez hori bakarrik, aldi bereko jokalari gehien bildu dituen jokoen artean bosgarren postuan jartzea lortu du MMORGPak, CS:GO, Dota 2, PlayerUnknowns’ Battleground eta Cyberpunk 2077-ren atzetik.

Albiste ona, baina, arazoekin heldu zen atzo: zerbitzariak kolapsatu zituzten jokalariek, Aetérnum irlarako sarbidea zaila izanik. Amazon Games Studiosekoak dagoeneko hori konpontzeko lanean ari dira, eta datozen egunetan eskualde bakoitzeko zerbitzarien kopurua areagotzea bilatuko dute: “hainbat jokalari itxaronaldi luzeak jasaten ari direla ulertzen dugu, eta arazo horiek konpontzeko gogor gabiltza lanean”, diote jokoaren webgunean.

Hori horrela, plataformako estreinaldirik arrakastatsuenetakoan bilakatu da Amazonena; lehen egunean New Worldek baino jokalari gehiago biltzea lortu duen bakarra CD Projekt RED-en Cyberpunk 2077 izan zen joan den urte bukaeran.

Ohiko MMORPG mekanikak eta oinarriak aurkezten ditu New Worldek: Aetérnumera iritsi berri den abenturazaleak izango dira jokalariak, eta baliabideak batu, ekipamendua eskuratu eta etsaiekin borroketan parte hartu beharko dute, bakarka zein armada erraldoiekin batera. Berezitasun esanguratsuena pertsonaia motaren aldetik dator, ez baitaude kategoria bereziak.

Amazonek kaleratutako bigarren jokoa da New World. Lehena, Crucible, bertan behera utzi behar izan zuten jokalarien kopuru eskasaren eta beste hainbat akatsen ondorioz.

New World PC-rako kaleratu du Amazonek; ez dute kontsoletan argitaratzea aurreikusten.