Erik Zubiria (Oñati, 1984) web garatzaile modura hasi zen arren, bideojokoen mundura sartzea lortu du bere kabuz. PC, Playstation 4, Xbox One eta Switcherako argitaratu berri duen Batu ta Batu puzzle jokoaren programazioaz, diseinuaz eta musikaz arduratu da oñatiarra.
Batu ta Batu PC eta kontsoletarako argitaratu duzun puzzle bideojokoa da. Nolako puzzleak ikusiko ditugu bertan?
Batu ta Baturen oinarria kolore desberdinetako blokeak kolore bereko beste bloke batzuekin batzean datza. Blokeak batu eta horiek handiagoak bilakatzerakoan mugitzeko zailagoak egiten dira, baina puntu gehiago ematen dituzte bere aldera garraiatzea lortuz gero.
Beste puzzle bideojokoengandik inspiraziorik hartu duzu?
Ez, buruan bueltaka neukan ideia batetik jaio zen bideojokoa. Plastikozko joko batzuk daude, non pieza bat hutsik dagoen; hutsune horren arabera mugitu behar dituzu piezak. Halako jokoak buruan izanik jaio zen bideojokoa, baina noski, aldaketa askorekin: plastikozko puzzle horiek frustragarriak egin daitezke, eta nire helburua Batu ta Baturako puzzleak samurtzea, azkartzea eta pixka bat dinamikoagoak egitea zen.
Zure lehen bideojoko profesionala da, nola jaio zen proiektua? Zer nolako ikasketek balio izan dizute bideojokoen garapenaren munduan sartzeko?
Ni web garatzailea naiz, baina beti eduki dut bideojokoen industrian parte hartu eta lan egiteko gogo hori. Herbehereetan bideojokoen komunitate indartsuagoa zegoela-eta, hemen ahalegindu nintzen mundu horretan sartzen. Informatika ikasi nuen, baina jokoen inguruan autodidakta naiz. Unity motor grafikoarekin ikasiz hasi nintzen, eta berez Batu ta Batu ikasteko ideia bezala abiarazi nuen, konplexuegia ez zen jokoa zelako. Jendeak jokoetan pentsatzerakoan izugarrizko MMORPGa irudikatzen du askotan eta noski, ez da hasiberri batentzako proiektu errealista.
Batu ta Batu programatzeaz gain, jokoaren diseinu guztia zein musika zure eskuetan egon da. Nola arduratu zara atal guzti horietaz?
Diseinuaren kontua ere oso autodidakta izan da, betidanik gustatu izan zaidan alorra eta nik neuk egin nahi nuen lana zen. Batu ta Batuk lan hori egin ahal izatea bideratzen du: diseinu aldetik oso konplexua izan gabe, minimalista da. Azken batean ikasteko proiektu modura hartu dut. Musika aldetik ikasketak eginak ditut; musika talde batean ere jo izan dut, Malenkonia izenekoa. Adiskide baten laguntza ere eduki dut: Ander Zelaiarekin betidanik ibili naiz musika elektronikoarekin gauzatxoak egiten. Kanturen bat egin nahiko zuen proposatu nion. Bera oso pozik agertu zen eta azkenean bere kantu batzuk ere sartu ditut.
"Unity motor grafikoarekin ikasiz hasi nintzen, eta berez Batu ta Batu ikasteko ideia bezala abiarazi nuen"
Egungo plataforma ezagunenetan argitaratu duzu gainera: PCan, Playstation 4an, Xbox Onean eta Switchean jokatu daiteke Batu ta Batura. Nolako zailtasunak dakartza pertsona bakar batentzat bideojoko bat lau plataforma desberdinetarako garatzeak?
Plataforma desberdinetarako porteatze lanak egiteaz banatzailea arduratu da, ardura horretaz libratu egin naiz. Ezin nituen kontsoletako garapen ekipamenduak ordaindu, eta haiei proposatzerakoan onartu egin zuten. Android eta iOSerako kaleratzea ere aurreikusita dut banatzailearekin. Oraindik hilabete batzuk geratzen zaizkio, baina argitaratuko dugu.
Obraren banaketarako 2AwesomeStudiosekin batu zara. Nola sortu zen elkarlan hori? Zer suposatzen du zurelako indie garatzaileentzat?
Herbehereetan joko independenteen azoka egiten da urtean behin. Bertan indie garatzaileek beraien proiektuak aurkeztu eta enpresekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera dute. Nire kasuan banatzaileren batekin hitz egin nahi nuen, Batu ta Baturekin egindako lana gustatzen zaion ikusteko. Kasualitatez Bartzelonako tipo batzuekin topo egin nuen bertan; haiek ere Herbehereetan lanean zeuden. Nire ideia gustatu zitzaien, baina jokoari multijokalaria falta zitzaiola esan zidaten, launaka jokatzeko. Nintendo Switcherako adibidez erabiltzaileek asko baloratzen duten zerbait da. Hori bideratzeko lan eginda elkarlana hasi genuen.
Ez neukan baliabide ekonomorik halako garapen bat aurrera eramateko, aipatutako garapen ekipamenduak eta baimenak garestiegiak dira. Nire ideia PCrako eta Androiderako argitaratzea zen, beraz banatzaile batekin lan egitea aukera aparta izan da. Iragarkiak egin, trailerrak sortu, sareko foroetatik mugitu… guzti hori bideratu dute, oso giro onean gainera.
Bideojokoa euskaraz jokatu daiteke bere osotasunean. Noiz erabaki zenuen jokoa euskaratzea? Zer nolako zailtasunak eduki dituzu euskaratzerakoan? Ez da ohikoa izaten jokoak euskaraz ikustea, eta are ezohikoagoa kontsoletan.
Nik uste dut hasieratik izan nuela euskaratzearen ideia hori: Batu ta Batu izena proiektua jaio zenean erabaki nuen. Banatzaileek ere alde hortatik lagundu zuten, ez naiz oroitzen nork atera zuen gaia lehenik, baina arazorik gabe onartu zuten. Haiek katalanak izanik, jokoa beraien hizkuntzan argitaratzea aurreikusita zegoen, eta beraz euskararekin ez zen arazorik egon. Noski, ez nekien kontsoletako arduradunek trabarik jarriko zuten.
"Android eta iOSerako kaleratzea ere aurreikusita dut banatzailearekin. Oraindik hilabete batzuk geratzen zaizkio, baina argitaratuko dugu"
PCan, Xboxean eta Switchean jokatu daiteke euskaraz, baina Playstation 4an berriz, ez. Sonyren aldetik eragozpenak izan dituzu?
Sonyren kontua izan zen. Banatzaileek azaldu zidaten Sonyrekin arazoak izaten zebiltzala. Playstation 4ak bere sistemako hizkuntzak erabiltzen ditu soilik; hortik kanpo trabak jartzen dituzte. Beste plataformetan ez dugu inolako arazorik izan. PS4a euskaraz egongo balitz jokoa ere euskaraz argitaratuko zen.
Batu ta Baturen garapena itxi duzu edo gehigarriak garatzen jarraitzeko asmoa duzu? Etorkizunean bideojokoen munduan lan egiten jarraituko duzu?
Une honetan ez dago ezer gehiago aurreikusita. Banatzaileek proposatuz gero ni jarraitzeko prest egongo nintzen, baina oraingoz jokoa argitaratuta dagoela zer nolako arrakasta lortzen duen ikustea falta da. Etorkizunerako ideiak beti, baina oraingoz nire asmoa lana aurkitzea da: azken finean Batu ta Batu lana bilatzeko portfolio edo curriculum bezala erabiltzea zen.
Iruzkinak