Jokalari bakarrarentzako ateratze tiro jokoa da Tarkov ahateekin batzen duen indie titulua. PCan aurki daiteke.
Escape from Duckov ustekabean iritsi, eta marka guztiak apurtzen ari da. Team Soda garatzailearen jokoak bi milioi salmentak gainditu dituela iragarri du bere jokalaria ingurunearen aurka (PvE) tituluarekin.
Duela bi aste merkaturatu zuten jokoa Bilibili argitaletxe erraldoiarekin elkarlanean. Balorazio baikorrekin eta eduki sortzaileen laguntzarekin batera ikaragarrizko hedapena izatea lortu dute.
Izenburuarekin Escape from Tarkov ezagunari keinu egiten badio ere, ahateak protagonista dituen jokoaren proposamena pixkat desberdina da. Ateratze tiro jokoa (extraction shooter) dugu, baina jokalari bakarrari bideratutakoa denez, tentsioz betetako multijokalari lehiakor gogorretatik aldentzen da beste publiko batengana hurreratzeko.
Suntsitzear dagoen arrautza itxurako planetatik ihes egitea da jokalarien helburua Duckoven: horretarako, inguruneak esploratu, beharrezko objektuak eta harrapakinak bildu nahiz sortu, basea eraiki, eta, orokorrean, biziraun egin beharko du, guztia ikuspegi isometrikoarekin bizitzen den bitartean.
Izugarrizko arrakasta lortu duen arren, ezaugarri eta aukera urriekin iritsi da: esaterako, jokoak ez dauka aginteentzako euskarri ofizialik oraingoz. Garatzaileak azkar ibili dira, halere, eta Steam Workshop aukerekin batera jokalariei euren sorkuntzak eta ideiak partekatzeko aukera eman diete, denetariko eduki berriak ikusi ahal izanik: mapak, armak, kontrolentzako aldaketak nahiz bestelakoak ageri dira mod-en zerrendan.
Escape from Duckov PCan joka dezakegu.
Lander Unzueta
Iruzkinak